Replace this text with the error page you would like to serve to clients if your origin is offline.
Itxi

Juanjo Sanmiguel

Analisia

Muturrak

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

Arerioa, orain arte aurkaria zena, etsai bihurtu dute alderdiek. Ez da bakarrik boto kutxetan menderatu behar, bere ideologia eta ideiak suntsitu beharra dago eta ahal izanez gero bere itzala ezabatu.

Txilen Gabriel Boric ezkerreko hautagaiak irabazi ditu presidentetarako hauteskundeak. Bigarren itzulian nagusitu da eskuinaren kontrako lehian. Honek, horrela adierazita ez luke aparteko ustekabekorik erakutsiko, eskuina eta ezkerra aurrez aurre azaltzen baitzaizkigu hauteskundeetan. Baina aldaketa, hitzek eta izenek azaltzen dutena baino askoz sakonagoa da, bai eskuina, baita ezkerra ere muturretara joan direlako, jarrerak eta hizkuntza gogortu eta erradikalizatu dituztelako.

Eta hau ez da bakarrik Txilen gertatu. Estatu Batuetan hasi, eta Amerika eta Europako beste herrialde askotan, hauteskundeak irabazteko borrokak, orain arte ez zeuzkan ezaugarriak ditu orain. Mezuak hustu eta sinpletu egin dituzte alderdiek, inoiz baino informazio gehiago omen duten boto emaileek, jasotzen dutena xehetuta eta ahalik eta era errazenean irentsi behar balute legez. Baina aldaketa nagusia, arerioa, orain arte aurkaria zena, etsai bihurtu dutela. Ez da bakarrik boto kutxetan menderatu behar, bere ideologia eta ideiak suntsitu beharra dago eta ahal izanez gero bere itzala ezabatu.

Carl Von Clausewitz militarburu prusiarrak adierazi zuen, gerra dela politika bideak beste bitarteko eta baliabide batzuk erabilita jorratzea. Orain, aldiz, alderdi politiko askok eta botere taldeek, politika gerra egiteko beste modu bat dela pentsatzen dutela dirudi. Azken urtetan, krisi ezberdinak astindu dituzte mundu guztiko gizarteak, horren ondorioz, jende asko galtzaileen taldera erori da, sufrimendua zabaldu egin da eta populisten indarra eta eragina sendotu. Baina mota horretako alderdien jarduera, arazo larriei erantzun errazak eskainiz, era harrigarrian hedatzen ari da.

Orain dela gutxi arte, ideologia sakonez hornitutako alderdiek, plangintza zehatzak eskaintzen zituzten gizarteak zeuzkan buruhauste eta oztopoak gainditu eta antolaketa errazteko. Egia da alderdi hauek ez zituztela beti arazoak konpontzen, eta behin baino gehiagotan nahastu eta zaildu egiten dutela gure egunerokotasuna. Baina bazirudien arau batzuk aldaezinak zirela, gehiengoak onartzen eta babesten zituelako. Baina itxuraz hori aldatu da. Estatu Batuetan, munduko demokrazia zaharrenetakoan, hauteskundeak galdutako presidentea, orain arte estatu antolaketarik gabeko herrialdetan erabilitako bideak jorratzeko prest azaldu da, herritarren borondateari jaramonik egin gabe botereari eusteko. Gizarte estatubatuarrak, orain dela 156 urte gerra zibila amaitu zenetik bizi gabeko zatiketa bizi du, gorrotoa eta ezinikusia nagusitu dira, eta mundu guztira zabaltzen ari da zatiketa irudi hori. Baina beste horrenbeste esan genezake Amerika eta Europako beste herrialde askori buruz, gizarteak hausten ari dira, eta batasuna eta elkarbizitza helburu nagusi izan beharko zuketenek, liskarren ertzera garamatzate.