Felipe Etxebarria
Analisia
Multinazionalek zerga gehiago ordaintzeko akordioa lor lezake G7ak
FELIPE ETXEBARRIA | EITB MEDIA
Helburua da enpresa handiek irabaziak lortzen dituzten herrialdeetan ordaindu behar izatea zegak, eta ez egoitza nagusia duten herrialdeetan.
Alemania, Frantzia, Italia eta Espainiako finantza ministroek presioa areagotu dute, multinazionalei zerga gehiago ordainarazteko helburuarekin, G7an gaur akordioa lortu dadin. Gaur kaleratutako agiri batean jasotzen denez, zerga-ihesaren aurka erabaki bat hartzeko momentu kritikoan gaude. Izan ere, covid-19aren eragindako krisiaren ondotik munduko ekonomiak berpizten ari dira orain.
Gaur Londresen G7ko finantza ministroek akordio bat lortuko balute, horrek oinarria jarriko luke Txina, India eta Brasil bezalako ekonomiekin ere hitzarmen zabalago bat eskuratzeko datorren hilean Italian izango den G20aren bileran.
"Gaurko G7aren bileran nazioarteko zerga sistemari buruz jarrera bateratu bat lortzeko konpromisoa hartzen dugu. Horrek uztailean Venezian egingo den G20aren bilerari behar besteko indarra ematea espero dugu", dio agiriak.
Europar Batasuneko lau estatu nagusien artean, hiru, Alemania, Frantzia eta Italia, G7an ere badaude. Ez, ordea, Espainia. Hala ere, agiri bateratua izenpetu du EBko ekonomia nagusien arteko adostasuna erakusteko.
Joe Bidenen planari babesa ematen dio agiriak. Ondorengo bi zutabeak ditu planak:
- Estatuek munduko 100 enpresa nagusienei zergak ezarri ahal izateko ahalbidea ematea. Irabaziak dituzten herrialdeetan, eta ez egoitza nagusia duen herrialdean, gauzatu ahal izango litzateke hori.
- Gutxiengo % 15ko zerga. Zerga txikiagoak dituzten herrialdeetan, Irlandan, Hungarian edo Txipren adibidez, zalantzak sortzen ditu horrek.
Europarrek akordioa gaur Londresen lortzea nahi dute. Ostera, Estatu Batuek nahiago dute datorren hilean G20aren bilera izatera. Modu horren, akordioa aurrez prestatuta dagoenaren irudimena saihestu ahal izango dute.
G20an hitzarmen globala lortzea ezinbestekoa izango da multinazionalek zerga gehiago ordaindu dezaten, eta gainera, etekinak dituzten herrialdeetan ordaindu ditzaten.