albisteak
Eten digitala
Digitalaren oztopoak
EITB MEDIA
Desberdintasun teknologikoaren faktore eragile anitz badaude ere, adina da ohikoenetarikoa eta eragin handiena duenetarikoa.
-
Adineko pertsona bat mugikorra eskuan. Argazkia: GTRES.
Eustaten arabera, Euskadiko 494.364 biztanlek 65 urte edo gehiago dituzte. Adin tarte honetakoak dira, hain zuzen ere, aparatu teknologikoak gutxien erabiltzen dituztenak eta horretarako zailtasun gehien dituztenak. Izan ere, adineko horien % 86,1ek (425.600 inguru) ez dute ordenagailurik erabili azken hiru hilabeteetan, eta kopurua % 87,1ekoa da (430.500 inguru) Interneten erabilera kontuan hartuz gero.
Enpresa publiko eta pribatuak, ordea, bezeroari arreta emateko aurrez aurreko ordutegiak murrizten eta telefonoz edo Internetez erantzuten hasi dira. Bizkaiko Foru Aldundiak, adibidez, 2020-2021 kanpainako errenta aitorpena egiteko modu bakarra telematikoa dela adierazi du. Gainera, Osakidetzan txertoa jartzeko hitzordua Internet bidez eskatu behar da.
Tramiteak aurrez aurre egiteko ezintasunak izugarri larritu ditu adinekoak, eta normaltasun berri honetara bat-batean egokitzea are gehiago zaildu. Ondorioz, Arartekoak kexa ohikoenak jasotzen dituen txostena argitaratu du 2020ko azaroaren 5ean. Era berean, erretiratuek eta pentsiodunek manifestu bat idatzi dute txosten horren alde. Horrela, egoera salatu eta administrazio publikoetan aldaketak eskatu nahi dituzte.
Eskubide bat eragoztea
Pandemia baino lehen, titulartasun publikoko eta pribatuko zerbitzuak aurrez aurreko arreta emateko ordutegiak murrizten hasiak baziren ere, koronabirusak erabilera areagotu du. Arartekoak "larrialdi-egoerek, COVID-19aren pandemiak kasu, eragindako bazterketa digitalaren aurkako" neurri zehatzak hartzeko eskatu du bere txostenean, batez ere administrazio publikoei.
Bestalde, Arartekoak adierazi du herritarrei soilik Internet edo telefonotik arreta eskaintzeak Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 14. artikuluaren aurka egin zezakeela. "Horren arabera, pertsona fisikoak ez daude behartuta administrazioekin harreman elektronikoak izatera". Alderantziz, baliabide elektronikoak eskuratzeko zailtasunak izatekotan, leihatiletara bertaratzeko eskubidea dute (12. art.).
Oraingoz, bulegoak aktibo mantentzen ditu Administrazioak. Horietara joan ahal izateko, baina, hitzordua eskatu behar da aurretik, Internet bidez; horrek berriz ere adinekoak bertaratzea oztopatzen du, hitzordua nola eskatu behar den ez dakitelako. Arartekoak egiaztatu ahal izan duenez, "hitzorduak mugatzeak atzerapen handiak ekarri ditu sistema publikoek pertsonen beharrei erantzuteko orduan".
Euskadin hitzordua online eskatzeko bidea. Argazkia: Euskadi.eus
"Titulartasun publikokoekin zorrotzak izan behar dugu"
Arartekoaren txostena eta honek egiten dituen salaketak berrestearren, Bizkaiko Demokraziaren aldeko Erretiratuen eta Pentsiodunen Elkarteak (AJPD-DEPE) bere aldeko manifestu bat argitaratu du aurten. Adinekoen hogeita hamar elkartek baino gehiagok bat egin dute adierazpen horrekin; ez dira guztiak bizkaitarrak, Gipuzkoako Elkarteen Federazioaren babesa ere badute.
Carlos Becerrak, manifestua sinatu duten elkarte batetako kideak, argi dauka: "Titulartasun publikokoekin [zerbitzuekin] zorrotzak izan behar dugu". Administrazioak premiatzen ditu, gainera, aurrez aurreko arreta eskain dezaten: "Zerbitzu publikoa eman behar dute. Mantendu egin behar dute gaitasunik, ordenagailurik eta trebetasunik ez duen jendea dagoen bitartean".
Finean: "Kontuan har dezatela biztanleriaren geruza hori, adinekoak diren, adinekoak garen pertsona horiek".
Erantzuna ona da
Nahiz eta protestak aurrera eraman, Arartekoa eta adinekoen elkarteak ez daude tramiteak online egitearen aurka. Administrazioak herritarren errealitateetara egokitzea da eskatzen dutena. "Kontuan izan behar du zerbitzu publiko bat dela, eta ezin duela itxaron herritarrak hark garatzen dituen baliabide teknologikoei egokitzea, alderantziz izan behar duela", azaldu du Becerrak.
Osakidetzan, adibidez, adinekoen kolektiboko adin-talde desberdinetara egokitzen saiatu dira txertoa jartzeko hitzordua esleitzeko orduan. Aldiz, adineko askok arazoak izan dituzte jasotako SMSaren bitartez webean sartzeko, Osakidetzak bidalitako linkarekin zer egin ez zekitelako.
Osasun Sailak, bere aldetik, azaldu du 220.000 pertsonatik gorako kolektiboa denez, hitzordua azkar lortu behar dela ezinbestean. Eraginkortasuna galdu egingo litzateke pertsona guztiak telefonoz edo aurrez aurre artatuz gero.
Hori bai: "80 urtetik gorako pertsonen kasuan, hitzordua telefono bidez baino ez da egin, ulertzen baita zailtasunak izan ditzaketela modu telematikoan egiteko. 70 eta 79 urte bitarteko pertsonen kasuan, txertaketarako bi bide erabiltzen ari dira: telefono bidezkoa eta web bidezkoa". Osasun Sailaren arabera, oraingoz, erantzuna ona da eta hamar adinekotik seik Internet bidez eskatu dute hitzordua.
Adineko gizon bi Groseko anbulategiaren atean (Donostia). Argazkia: Diario Vasco
"Ez dira GKEak"
Titulartasun pribatuko zerbitzuen egoera desberdina da. Kasu horretan, bankuek jasotzen dituzte kritika gehienak arreta presentzialaren ordutegia murrizteagatik eta sukurtsalak ixteagatik. Izan ere, Espainiako Bankuaren datuen arabera, 2008tik 800 banku-bulego baino gehiago itxi dira Euskadin, % 41 inguru; 2008an, 1.979 sukurtsal zeuden irekita, eta egun, 1.165 besterik ez.
Berriz ere, adineko pertsonak dira sukurtsaletako itxierengatik eta ordutegi murrizketengatik kalte gehien jasotzen dutenak. Are gehiago, bankuak aurrez aurreko arreta zigortzen hasi dira, egiteko eskatzen diren tramiteengatik kobratuz. Carlos Becerra ez da harritzen: "Titulartasun pribatukoek funtzionatzen duten moduan funtzionatzen dute. Ez dira GKEak". Becerrak gogoratu egin du, bide batez, banku etikoa eta etxeko koltxoia ere aukera bat direla.
Zentzu horretan, Becerrak ez du ikuspegi positiborik, eta bankuek bulegoak ixten jarraituko dutela uste du, nahiz eta pentsiodunek mobilizazioak egin: "Hau geratu egingo da, ez da pandemiaren arazoa". Halaber, egoera honek "duintasunik eza" eta "tratu txar zuzenak" ekartzen diela esan du, ahaideengana jo ezin badute, sukurtsalari ordaindu edo gestoria batera joan behar dutelako.
Zazpi gomendio
Arazo horren aurrean, Arartekoak administrazioei zuzendutako zazpi gomendio bildu ditu bere txostenean, eten digitalarekin amaitzeko pauso bat gehiago emateko. Hauek dira nagusiak: aurrez aurreko arreta behar duten oinarrizko zerbitzuak definitzea, herritarrei arreta ematen dieten langileak indartzea, dokumentuak aldez aurretik hitzordurik gabe entregatzeko aukera izatea eta eten digitalaren ondorioz baliabide teknologikorik lortu ezin dituzten pertsonei eta familiei baliabide horiek ematea.
Erretiratuen eta pentsiodunen elkarteen manifestuak, bestalde, Arartekoak bildu ez duen beste gomendio bat jasotzen du: "Aplikazio telematikoak sustatzea, erakunde eta administrazio desberdinen arteko datuak trukatuz, prestazioak ofizioz tramitatu ahal izateko, batez ere gizarte-larrialdietarako eskubideak garatzen dituztenak".