Itxi

Felipe Etxebarria

Analisia

Ameriketako Estatu Batuak zentro ezkerrerako bidaian

Felipe Etxebarria

Felipe Etxebarria

Aldaketa hori ez da erradikala, ezta bat-batekoa ere izango.

Albisteak (1)

Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) politika zentro ezkerrerako bidaiaren atarian jarri da Joe Biden demokrataren garaipenarekin. Baina aldaketa hau ez da erradikala ez eta bat-batekoa izango.

Hauteskunde kanpainan zehar Bidenek zergak igoko zituela agindu zuen, 400.000 dolar baino gehiago irabazten zutenei batez ere. Baina igoera hori apala izango dela uste da. Biden Delawaren bizi da. Hiri horrek  onura fiskalak eskaintzen dizkie bertan egoitza ezartzen duten enpresei. Eta asko dira Estatu Batuetako beste toki batzuetatik  presio fiskalari ihes egiteko bertan ezarri diren enpresak. Bidenek harreman onak ditu horietako enpresari askorekin. Gainera, eta Senatuaren kontrola lortu ezean, kontserbadore batzuen oniritzia beharko du bere politikak aurrera eramateko.

Bidenek osasun arloko seguru publikoa sortuko duela ere agindu du. Obamak ere helburu hori zuen, baina azkenean ez zuen lortu. Obamacare deiturikoa besterik ez zuen ezarri. Hau da, behartsuenei zuzendutako laguntza sistema, mundu guztiak derrigorrezko aseguru pribatua izan dezan.

Klima aldaketari aurre egitea ere presidente berriaren helburuetako bat da. Beraz, AEB utzi berri duten CO2a murrizteko Parisko akordioetara batuko direla espero da. Eta 2021ko azaroan Klima Aldaketarako Glasgowko Konferentzian parte hartzea ere espero da.

Urtarrilaren 20an kargua hartu eta zeregin premiazkoena Covid-19aren pandemiari aurre egitea izango du Bidenek. Hala azaldu du behin eta berriz hauteskunde kanpainan.

Europar Batasunari dagokionez, harremanak hobetu egingo direla espero da. Zeharka baino ez bada ere, Erresuma Batua Europarekin akordio bat sinatzera behartuko du. Orain arte negoziaketa hauek etenda egon dira Estatu Batuetako hauteskundeen emaitzen zain. Bidenen lan taldeak jadanik Boris Johnson lehen ministro britainiarrari ohartarazi du: Londresek Bruselarekin hitzarmenik adostu ezean, AEBk ez du merkataritza librerako akordiorik izenpetuko Erresuma Batuarekin. Gainera, 2019an Bruselarekin sinatutako akordioa errespeta dezala eskatu dio Johnsonen gobernuari. Bi Irlanden arteko mugan mugimendu askatasuna bermatzen da modu horretan. Izan ere, askatasun hori kolokan jarri du Wedminsterreko parlamentuan eztabaidatzen ari diren merkataritzari buruzko lege berriak. Bidenen amaren familiak jatorri irlandarra du eta Ostiral Santuko akordioen defendatzaile sutsua da Estatu Batuetako presidente berria.