Itxi

Juanjo Sanmiguel

iruzkina

20 urte

Juanjo Sanmiguel

Juanjo Sanmiguel

- Erredakzioa -

Tangoak dio 20 urte ez dela ezer,baina siriar askorentzat azken 20 urteetan, beste leku batzuetan mendetan zehar bildu ohi diren madarikazio eta zorigaitz guztiak pilatu dira.

Tangoak dio 20 urte ez dela ezer,baina siriar askorentzat azken 20 urteetan, beste leku batzuetan mendetan zehar bildu ohi diren madarikazio eta zorigaitz guztiak pilatu dira.

Mendearen hasieraz batera, Bashar el Assadek Siriako presidente kargua hartu zuen,egindako lehen hitzaldian aldaketa eta berrikuntza agindu zituen,ustelkeriari aurre egin eta bizimodu hobea herritar guztientzat. Mendebaldean itxaropena piztu zuen bere gaztetasunak eta mezu ezberdinak…

Basharren agintaldia amets gaizto bihurtu da siriarrentzat, batez ere 2011n, “Udaberri Arabiarra” deitutakoari emandako erantzunaren ondoren. Aldaketa eta demokrazia eskatzen zutenen kontra bere aitaren garaiko tresnak eta baliabideak erabili zituen: errepresioa,tortura eta hilketa. Harrezkero miloi erdi hildako izan dira, siriarren erdia errefuxiatu bihurtu da han bertan edo inguruetako herrietan, eta pobrezia, gaitza eta herio nagusi bilakatu dira.

Sirian azken 11 urteetan mundu gerra bizi izan dutela esan genezake, bertan modu batera edo bestera herrialde boteretsuenek esku hartu dutelako. Gatazka honetan asko dira nahastu eta korapilatu diren interesak eta indarrak. Siria batzuen eta besteen tresna izan da handik kanpo leudeken helburuak lortzeko. Baina Siriako azken urteetako historia hutsean geratutako ahaleginaren kronika dela esan genezake.

Siria, Irak, Egipto, Libia eta beste hainbat herrialde sozialismo arabiarra deitutakoaren eredu izan ziren kolonialismo garaia gainditu ondoren. Erlijioaren eta Mendebaldearen eragina eta itzala astindu nahi izan zituzten gizarte eta politika eredu berriak jorratzeko. Estatu laikoa eraiki zuten, aukera berdintasuna lortzeko oinarriak jarri zituzten, hezkuntza eta osasuna herritar guztientzat ziurtatu, eta sortutako aberastasuna banatzen ahalegindu. Emakumeak ordura arte izan gabeko tokia lortu zuen gizartean… Baina guztietan alderdi bakarreko egitura buru bakarreko gobernu bilakatu zen, diktadura nagusitu arte.

Herritarren aldaketa eskaria uste baino indartsuagoa izan denean erantzun bera eman diote guztiek. Libian Gadafik bere herrikideen hanken artean zapalduta bukatu zuen. Egipton Mubarak bota zuten, baina ordezkatu zutenek horrenbesteko beldurra eta mesfidantza sortu zuten Mendebaldean, ordezko okerragoa onartu dutela, Al Sisi. Sirian Bashar el Assadek aginteari eustea lortu du 11 urteko gerraren ondoren, baina bere herria suntsitzeaz gain, boterea galdu duela esan genezake, Iranen, eta batez ere Errusiaren laguntzarik gabe ezingo zukeelako presidente izaten jarraitu, eta hori ondo dakite Damaskon eta Moskun.

Aste honetan bete den urteurrenak behin eta berriz herrialde arabiarretan gertatu dena ekarri digu gogora, bide berriak ireki diren bakoitzean, nagusitu zitekeen aukera okerrena gailendu dela.