Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Draghik gastu gehiago eskatuz esan du agur

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Europak Banku Zentraleko presidenteak esan du aurrekontu orekatua duten herrialdeek, Alemaniak eta Europa iparraldekoek, zerga politika hedagarria egin behar dutela.

Europako Banku Zentraleko presidenteak atzo iragarritako neurriek helburu bat dute: Europak pairatu behar omen duen atzeraldi ekonomikoa saihestea, edo behintzat, atzeraldi hori leuntzea. Mario Draghiri hilabete eta erdi geratzen zaio lekukoa Christine Lagarderi emateko, eta artilleria guztia jaurtiz esan du agur. Diru gehiago eta merkeagoa sartu du sisteman, bankuek kreditu gehiago eman ditzaten eta enpresak finantza daitezen. Arazoa da Draghik munizio guztia amaitu duela, eta berak badaki.

Moneta politikari dagokionean, interes tipoen jaitsiera eta zor publikoaren erosketa, Europako Banku Zentralak ezin du askoz ere gehiago egin. Horregatik, Draghik esan du aurrekontu orekatua duten herrialdeek zerga politika hedagarria egin behar dutela. Horrek esan nahi du, uler dezagun, Alemaniak eta Europako beste hainbat herrialdek gastu publikoa handitzea, horrela Europako ekonomiari tira egiteko.

Alemaniak ardura handia du. Krisitik indarberrituta atera da, inbertitzeko diru askorekin. Baina Berlinen austeritatearen dogmari helduta jarraitzen dute: irabazten dena baino gehiago ez gastatzea. Alemaniak eta Europa iparraldeko herrialdeek ez badute dogma hori ahazten, zaila izango da Europako ekonomia bultzatzea.