eguraldia
Alerta horia mantendu dute
140 km/h-rainoko haize-boladak izan ditugu mendiko zenbait puntutan
Erredakzioa
Oiz mendian eta Karrantzan (Bizkaia) izan dira haize-ufada indartsuenak. Denboralearen ondorioz, zuhaitz bat erori da Amorebietan eta 2.800 auzokide hornidura elektriko barik geratu dira.
Arratsalde partean haizea baretu da EAEn. Izan ere, alerta maila laranjatik maila horira jaitsi du Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak. Gauetik aurera, aurreko egunetan bezala, ufadek 80 km/h-ko abiadura har lezakete EAE osoan; mendateetan eta itsasaldean, 100 km/h baino gehiagoko boladak jaso litezke.
Herrizaingok jakitera eman duenez, Oizen eta Karrantzan izan dira gaurko haize-bolada indartsuenak, 139 km/h-ko eta 143 km/h-ko, hurrenez hurren. Bestalde, haize zakarrena izan duen hiriburua Gasteiz izan da, 109 km/h-rainoko abiadura, radarrak goizean jaso dutenen arabera.
Haizea dela eta, hornidura elektriko gabe geratu dira 2.800 auzokide Amorebietan, zuhaitz baten erorketaren ondorioz. Iberdrola enpresaren teknikariak konpontzen aritu dira eta gaueko 22:00ak baino lehen hornidura berrezarriko dutela jakinarazi dute.
Nafarroan, haizea dela eta, AEMET Estatuko Meteorologia Agentziak abisu horia izango du ezarrita; izan ere, 80 km/h-ko boladak daude iragarrita Pirinioetan. Halaber, elur-jausiak egiteko arriskua egongo da alde horretan, eta beste abisu hori bat dago horregatik.
Herrizaingo Sailak eman dituen gomendioen artean, errepidean arretarik handiena izatea agertzen da; kontsultatu trafikoa.
Larunbaterako, aldiz, haizete handia du iragarrita Euskalmetek. Haizea indartu egingo da, eta egunaren bigarren partean bolada bortitzak espero ditugu; ufadarik handienek 100 km/h-ko abiadura gaindituko dute orokorrean. Zeruan hodeiak nagusituko dira, eta euri txikia egingo du; gauean, atertzeko joera hartuko du. Tenperaturak gora egingo du nabarmen, hego haizeari esker.