Mundua -

AITA SANTUAREN HERIOTZA

Nor izango da hurrengo aita santua? Hemen, hainbat hautagai

Kardinalek konklabearen data adostu beharko dute, "aulki hutsa" aldarrikatzen denetik 20. egun igaro baino lehen eta aukeratutako egunean, Kapera Sistinoan izango dira, aita santu nor izendatu eztabaidatzeko. 80 urtetik beherakoek soilik bozkatu ahalko dute, baita hautagai izan ere.

Aita santu izateko bederatzi hautagai. Argazkia: EFE
Aita santu izateko bederatzi hautagai. Argazkia: EFE

Aita santu izateko bederatzi hautagai. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantzisko Aita Santua hil ondoren, hurrengo aita santua nor izango den asmatzeko "kinielak" zabaltzen hasi dira. Ez da iragartzen erraza, baina, hainbat berri agentziaren arabera, dagoeneko badira guztien artetik nabarmentzen diren hautagai batzuk. Hona hemen zerrenda:

Jean-Marc Aveline, Marseillako artzapezpikua, frantsesa, 66 urte:

Bere izaera apala, naturari lotutakoa eta txantxazalea nabarmentzen dute Aveline ezagutzen dutenek. Frantziskoren ideologiatik hurbil dago, batez ere immigrazioari eta mundu musulmanarekiko harremanei buruzko iritzietan. Intelektual serioa da, teologian doktorea eta filosofian lizentziaduna. Aljerian jaio zen, baina gurasoak espainiarrak zituen. Aljeria independizatu ostean, haren familia Frantziara joan zen eta Marseillan bizi izan da bere bizitzaren zatirik handienean, azken mendeetan kulturen eta erlijioen bidegurutze izan den lekuan.

Frantziskoren agintepean, apezpiku izendatu zuten 2013an, artzapezpiku 2019an, eta hiru urte geroago, kardinal. 2023ko irailean are ezagunago egin zen, Mediterraneoko gaiei buruzko Elizaren nazioarteko konferentzia bat antolatu baitzuen. Frantzisko aita santua gonbidatu protagonista izan zen topaketa hartan. Hautatuko balute, lehen aita santu frantsesa izango litzateke Aveline, baita Joan Paulo II.az geroztik aita santu gazteena ere. Italiera ulertu ulertzen du, baina ez da gai mintzatzeko, eta hori desabantaila da.

Jean-Marc Aveline. Argazkia: EFE

Jean-Marc Aveline. Argazkia: EFE

Peter Erdö kardinala, hungariarra, 72 urte:

Bando kontserbadoreko kidea da, nahiz eta Frantziskoren mundu aurrerakoiarekin zubiak eraiki dituen. 2013ko azken konklabean ere aita santu izateko lehian izan zen Europako eta Afrikako Elizarekin dituen harreman zabalei esker, baita ebanjelizazio berriaren aitzindari gisa ikusten dutelako ere. Nazio sekularizatu eta aurreratuetan fede katolikoa berpizteko kanpaina da hori, kardinal askorentzat lehentasun nagusia. Teologian kontserbadorea, Europan zehar egindako hitzaldietan kontinentearen kristau sustraiak azpimarratu izan ditu beti. Dena den, pragmatikotzat ere jotzen da eta inoiz ez du Frantziskorekin aurrez aurreko nabarmenik izan, beste elizgizon tradizionalek ez bezala. Hori bai, hautsak harrotu zituen 2015eko migrazio-krisian; izan ere, Frantzisko aita santuak elizak errefuxiatuak hartzeko egindako deiaren aurka egin zuen, giza trafikoa izango litzatekeela esanez. Viktor Orban Hungariako lehen ministro nazionalistarekin bat egiten zuela iradoki zuen.

Elizaren zuzenbidean aditua, Erdök ibilbide azkarra izan du: 40 urterekin izendatu zuten apezpiku eta 51ekin kardinal, Kardinalen Kolegioko kide gazteena izan zen 2010era arte. Bikain hitz egiten du italiera, baita alemaniera, frantsesa, gaztelania eta errusiera ere, eta horrek lagundu egin diezaioke katolikoen eta errusiarren arteko harremanak epeltzen.

Peter Erdö. Argazkia: EFE

Peter Erdö. Argazkia: EFE

Mario Grech kardinala, Gotzainen Sinodoaren idazkari nagusia, maltarra, 68 urte:

Grech Maltako Gozo uhartean jaio zen, Europar Batasuneko herrialderik txikienean. Frantzisko aita santuak Gotzainen Sinodoaren idazkari nagusi izendatuta, Vatikano barruan pisu handiko postua eskuratu zuen. Hasieran kontserbadore gisa ikusia, Grech Frantziskoren erreformen defendatzaile sutsu bihurtu da azken urteetan. 2008an, Maltako hainbat herritar homosexualek Elizatik irteten ari zirela adierazi zuten, protesta gisa, orduan aita santu zen Benediktok LGTBI+ kolektiboaren aurkako jarrera zuela eta. Grechek ez zien arreta askorik eman orduan, baina 2014an Vatikanoan hitz egin zuen, eta Elizari galdegin zion LGTBI+ kideekiko toleranteagoa eta kreatiboagoa izan zezala, familia eredu berriak aintzat hartuta. Biharamunean, Frantzisko aita santuak sorbaldan kolpetxo bat eman omen zion gosal-garaian, eta bere hitzaldia zela eta zoriondu zuen.

Etsaiak ere baditu, ordea, bere iritziek eraginda. 2022an, adibidez, Gerhard Müller kardinal kontserbadoreak Grechen kontra jo zuen haren maila akademikoa gutxietsiz eta doktrina katolikoaren aurka joatea leporatuz. Grechen aliatuek azpimarratzen dute, dena dela, adiskideak dituela bai bando kontserbadorean bai moderatuan ere eta kardinal askok ezagutzen dutela, bere kargu altua dela eta. Haren kideek diotenez, hori abantaila argia da kardinal askok elkar ezagutzen ez duten konklabe batean.

Mario Grech. Argazkia: Wikimedia Commons

Mario Grech. Argazkia: Wikimedia Commons

Juan Jose Omella kardinala, Bartzelonako artzapezpikua, espainiarra, 79 urte:

Haren gertukoek diote Omella Frantzisko aita santuaren antzekoa dela. Umila eta jatorra, bizitza apala izan du, eliz-ibilbidea pastoralari emana, justizia soziala bultzatu du eta katolizismoaren ikuspegi errukitsu eta inklusiboa hauspotu du. "Ez dugu errealitatea gehien dutenen begietatik soilik ikusi behar, pobreen begietatik ere bai", adierazi zien komunikabideei 2022ko apirilean. 1946an jaio zen, Cretas herrian, Teruelen. 1970ean apaiztu zen, eta, ondoren, apaiz izan zen Espainiako hainbat parrokiatan. Misiolari joan zen gero, urtebetez, Zairera, gaur egun Kongoko Errepublika Demokratikoa denera. 1999tik 2015era garapen bidean dauden herrialdeetako goseteei, izurriteei eta pobreziari aurre egiten dien Manos Unidas erakunde solidarioarekin lankidetza estua izan zuen.

1996an apezpiku izendatu zuten eta 2015ean Bartzelonako artzapezpiku izatera iritsi zen. Urtebete geroago, Frantziskok kardinal izendatu zuen, eta haren ibilbidea babestu zuen, nahiz eta garai batean aita santua ez zetorren bat Espainiako Elizan nagusi ziren elementu kontserbadoreenekin. Hain zuzen ere, Omella Espainiako Gotzain Batzarraren presidentea izan zen, eta 2023an Espainiako Elizaren sexu eskandalu bati aurre egin behar izan zion; izan ere, batzorde independente batek ondorioztatu zuen 200.000 adingaberi baino gehiagori sexu-abusuak egin omen zizkietela. Omellak behin baino gehiagotan eskatu izan du barkamena Elizak gisa horretako kasuak urteetan gaizki kudeatu izan duelako, baina ukatu egin du ikerketa batzorde idependenteak argitaratutako zifra, eta defendatu du Elizaren barneko ikerketa batek 1940ko hamarkadatik 927 biktima identifikatu zituela. 2023an, Frantziskok bederatzi kardinalez osatutako bere kabinetean sartzera gonbidatu zuen Omella, gobernantza gaietan aholkuak emateko. Konklabeak Elizak ikuspegi berri bat behar duela erabakiz gero, Frantziskorekiko hurbiltasun horrek Omellaren aurka egin lezake.

Juan Jose Omella, Salvador Illa Kataluniako presidentearekin hizketan. Argazkia: EFE

Juan Jose Omella, Salvador Illa Kataluniako presidentearekin hizketan. Argazkia: EFE

Pietro Parolin kardinala, italiarra, Vatikanoko diplomatikoa, 70 urte:

Parolin aurrerakoien eta kontserbadoreen arteko "konpromisozko hautagai" gisa ikusten dute askok. Elizako diplomatikoa izan da bere bizitza osoan eta Frantzisko aita santuaren estatu idazkari gisa aritu da 2013az geroztik. Lehen ministroaren antzeko postua da hori, eta estatu idazkariei "aitasantuordeak" ere deitu ohi zaie, Vatikanoko hierarkian pontifizearen atzetik bigarrenak direlako. Parolin Atzerri Gaietako ministroorde izan zen Benedikto XVI.a aita santuarekin, eta 2009an Vatikanoko enbaxadore izendatu zuen Venezuelan, Hugo Chavez orduko presidenteak "Eliza katolikoa ahultzeko" hartutako neurrien aurka borroka zezan. Vatikanoak Txinarekin eta Vietnamekin izandako hurbilketan ere izan zen.

Parolin ez da inoiz "Elizaren Kultur Gerrak" deiturikoetan lehen lerroko aktibista izan eta ez du iritzirik eman. Hala ere, esan egin du sexu bereko pertsonen arteko ezkontza legeztatzea "gizateriaren porrota" dela. Vatikanoak tokiko elizetako buruzagien gainetik duen boterea defendatu izan du beti, eta kritikatu zuen Alemanian apaizek sexu bereko bikoteak sinbolikoki bedeinkatzeko saiakera. Bere aldeko faktore bat da hainbat hizkuntza hitz egiten dituela.

Pietro Parolin. Argazkia: EFE

Pietro Parolin. Argazkia: EFE

Luis Antonio Gokim Tagle kardinala, filipinarra, 67 urte:

Tagleri "Asiako Frantzisko" deitzen diote askok, justizia sozialarekin duen konpromisoarengatik, eta, hautatuko balute, Asiako lehen pontifizea izango litzateke. Teorian, Taglek, Chito ezizenez deitzea nahiago duenak, aita santua izateko ezaugarri guztiak betetzen ditu: 1982an apaiz ordenatu zenetik hamarkadetako esperientzia pastorala pilatu du. Ondoren, esperientzia administratiboa ere lortu du, Imuseko apezpiku gisa, leheneik, eta Manilako artzapezpiku gisa, gero. Benedikto XVI.a aita santuak kardinal izendatu zuen 2012an. Frantziskok Vatikanora eraman zuen 2019an, eta Elizaren misiolarien buru izendatu zuen (organo horren izen formala Ebanjelizatzeko Dikasterioa da).

Italieraz eta ingelez ondo-ondo moldatzen da. 2015etik 2022ra, Caritas Internationalen buruzagi nagusia izan zen, mundu osoko laguntza, gizarte zerbitzu eta garapenerako 160 erakunde katolikok baino gehiagok osatutako konfederazioa. 2022an, Frantzisko aita santuak zuzendaritzako kide guztiak kargutik kendu zituen, langileek jazarpena eta umiliazioa salatu baitzuten, eta komisario bat izendatu zuen hura zuzentzeko. Tagle bera ere kendu zuten presidente nominala izan zelako, nahiz eta ez zuen eguneroko operazioetan parte hartzen, hori zuzendari nagusi laiko batek egiten zuen. Ikusteko dago nolako eragina izango duen horrek Taglek aita santu izateko dituen aukeretan.

Luis Antonio Tagle. Argazkia: EFE

Luis Antonio Tagle. Argazkia: EFE

Joseph Tobin kardinala, Newarkeko (New Jersey) artzapezpikua, estatubatuarra, 72 urte:

Oso zaila omen da kardinalek aita santu amerikar bat aukeratzea, baina, bat izatekotan, Tobin dabil kinieletan. Erredentorista izenez ezagutzen den ordena erlijioso katoliko ezagun baten buruzagi global ohia izandakoa, Detroiten jaio zen baina mundu osoan bizi izan da, eta italieraz, gaztelaniaz, frantsesez eta portugesez ederto moldatzen da. Vatikanoan eta Ameriketako Elizan goi karguetan ere badu eskarmentua. Vatikanoko bulego batean bigarren komandante izan zen 2009tik 2012ra, eta gero Indianapoliseko (Indiana) artzapezpiku izendatu zuen Benedikto XVI.a aita santuak. Frantziskok kardinal izendatu zuen 2016an, eta geroago Newarkeko artzapezpiku izendatu zuen.

Pisua altxatzen du eta entrenatzen du, hori dela eta oso gorpuzkera handikoa da, eta azken urteotako eskandalu katoliko entzutetsuenetako bati aurre egin behar izan zion azken kargu horretan. 2018an, Newarken artzapezpiku izandako Theodore McCarrick kardinala ministeriotik kendu zuten seminaristekin sexu-jokabide okerrak izan omen zituen eta. McCarrickek ukatu egin zituen akusazioak eta kardinal gisa dimisioa eman zuen, baina, gero, Vatikanoko auzitegiak errudun jo zuen eta apaiz gisa kanporatu zuen. Tobin zoriondu egin zuten, eskandalua nola kudeatu zuen eta izandako jarreragatik. Besteak beste, artxidiozesiak publiko egitea erabaki zuen, eta McCarricken ustezko biktimek isilpekoa izan zezan hitzartu zuten. 13 anai-arrebetan zaharrena da eta alkoholismotik sendatzeko prozesuan dagoela adierazi du. LGBT pertsonekiko duen jarrera irekiagatik ere ezaguna da.

Joseph Tobin. Argazkia: Wikimedia Commons

Joseph Tobin. Argazkia: Wikimedia Commons

Peter Kodwo Appiah Turkson kardinala, Ghanakoa, Vatikanoko funtzionarioa, 76 urte:

Afrikako herrixka txiki batean jaio zen Peter Turkson kardinala, eta gauza handiak lortu ditu Elizan, Saharaz hegoaldeko Afrikako lehen aita santu izateko hautagai bihurtzeraino. Ghanako kongregazioetan karrera pastoral luzea izan ondoren, Vatikanoko hainbat bulego zuzendu ditu eta komunikatzen trebea da. Afrikatik etortzeak bere hautagaitza indartzen du; izan ere, Elizarentzat eskualde dinamikoenetako bat da. 10 seme-alabetan laugarrena, Wassaw Nsutan jaio zen, orduan Britainiar Inperioaren Urrezko Kosta zenekoan. Sorterriko eta New Yorkeko seminarioetan ikasi zuen, 1975ean apaiztu zen, eta Ghanako bere seminario ohian irakasle izan ondoren, Bibliako ikasketa aurreratuak egin zituen, Erroman.

Joan Paulo II.a aita santuak Cape Coasteko artzapezpiku izendatu zuen 1992an, eta 11 urte geroago Afrika Mendebaldeko estatuaren historiako lehen kardinal aukeratu zuen. Promozio gero eta gehiago egin zituen, eta, ondoren, Benedikto XVI.ak Vatikanora eraman zuen 2009an, eta Justizia eta Bakearen Kontseilu Pontifikalaren zuzendari izendatu zuen, justizia soziala, giza eskubideak eta munduko bakea sustatzen dituen organoan. Eginkizun horretan, aita santuaren aholkulari hurbilenetako bat izan zen klima-aldaketan, esaterako, eta arreta nabarmena erakarri zuen Davoseko Foro Ekonomikora eta antzeko kongresuetara joan izan delako. Frantziskok Turksonen departamendua beste hiru bulegorekin batu zuen 2016an eta batzuek haren eta beste kardinal baten arteko botere-borroka gisa ikusi zuten mugimendua. Turksonek kargua utzi zuen 2021ean, eta zientzien eta gizarte zientzien bi akademia pontifikalen buru izendatu zuten.

Peter Kodwo Appiah Turkson. Argazkia: Flickr

Peter Kodwo Appiah Turkson. Argazkia: Flickr

Matteo Maria Zuppi, italiarra, Boloniako artzapezpikua, 69 urtekoa:

2015ean, Zuppi Boloniako artzapezpiku izendatu zutenean, Italiako hedabideek "Bergoglio italiarra" ezizena eman zioten, Frantziskorekin harreman estua zuelako. Hautatuko balute, 1978az geroztik lehen aita santu italiarra izango litzateke Zuppi. Frantzisko aita santua Buenos Airesen bizi zenean bezala, "kaleko apaiz" gisa ezaguna da Zuppi, migratzaileei eta pobreei laguntzen die, eta itxurakeriak zein protokoloak gutxi arduratzen dute. "Aita Matteo" deitzen diote eta Bolonian batzuetan bizikleta erabiltzen du auto ofizialaren ordez. Haragia maite duen hiri batean, zalaparta sortu zuen txerririk gabeko tortelliniak zerbitzatu zituelako Bolognako zaindariaren jaietan. Zuppik esan zuen musulmanekiko kortesiazko keinua izan zela.

Aita Santu izendatuko balute, kontserbadoreek kezkaz ikusiko lukete, ziur aski, eta Eliza katolikoko kideen eskutik sexu abusuak jasan dituzen biktimek ere ez lukete, agian, begi onez ikusiko, 2022tik zuzentzen duen Italiako Eliza Katolikoak "berandu eta motel" heldu diolako arazoa ikertzeari. Sant'Egidioko Komunitatearekin oso lotuta dago kardinal italiarra, Erromako Trastevere auzo historikoan bake eta justizia katolikorako talde batekin, alegia. Apaiz izan da bertan ia bizitza osoan. Sant'Egidioko Komunitateak Mozambikeko 17 urteko gerra zibilaren amaiera akordioa egin zuen, Zuppi bitartekari zela. Berriki diplomazia lanetan ibili da Errusia eta Ukrania arteko gatazkan, Errusiak Ukraniatik deportatu dituen haurren afera onbideratzeko, zehazki.

Matteo Zuppi. Argazkia: EFE

Matteo Zuppi. Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Aita santua Eguneko albisteak Albisteak Eliza Katolikoa