Mundua -

AITA SANTUA HIL DA

Aita Santuak bakearen eta justizia sozialaren alde erakutsitako "konpromisoa" nabarmendu du Sanchezek

Munduko buruzagi politiko nagusiek mezuak idatzi dituzte Jorge Mario Bergoglioren heriotzaren ondoren.

Frantzisko aita santua, Pazko igandean, jendaurrean egindako azken agerraldian. Argazkia: EFE
Frantzisko aita santua, Pazko igandean, jendaurrean egindako azken agerraldian

Frantzisko aita santua, Pazko igandean, jendaurrean egindako azken agerraldian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantzisko aita santuaren heriotzaren aurrean, lehen adierazpenak egin dituzte mundu osoko buruzagi politikoek.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak atsekabea agertu du Aita Santuaren heriotzagatik, eta bakearen, justizia sozialaren eta zaurgarrienen alde erakutsitako "konpromisoa" azpimarratu du X sare sozialean argitaratu duen mezu batean.

Giorgia Meloni Italiako lehen ministroa "penatuta" mintzatu da Frantzisko aita santuaren heriotzaren aurrean eta "gizon handi" gisa definitu du. Halaber, norabidea "aldatzeko" eta "suntsitzailea ez den bide bat egiteko" erakutsitako adorea nabarmendu du, eta bide horretan sakontzearen alde egin du "bakea" eta "guztion ongia" lortzeko eta "gizarte justu eta bidezkoagoa" eraikitzeko.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ere Frantzisko aita santuaren legatua goraipatu du, eta bereziki txiroenei "poza" eta "itxaropena" eman diela adierazi du. Ildo horretan, "itxaropen" hori bizirik mantentzeko aldarria egin du.

Friedrich Merz Alderdi demokrata-kristauko (CDU) buruak eta Alemaniako kantziller izango denak ere Frantzisko aita santua gogoan izan du. Horren esanetan, "ahulenekin eta justiziarekin" erakutsitako "konpromisoagatik" gogoratua izango da.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ere Aita Santuaren heriotza deitoratu du. Twitterren duen kontu ofizialean azpimarratu duenez, Eliza Katolikoaz haragoko eragina izan du eta mundu bidezkoago, baketsuago eta errukitsuago bat lortzeko bidea "gidatzen" jarraituko du. 

Donald Trump AEBko presidenteak ere doluminak adierazi ditu Aita Santuaren heriotzagatik, Truth Social bere sare sozialean argitaratutako mezuan.

Aita Santuarekin aurrez aurre elkartu den azken buruzagi politikoak ere hitz egin du X sare sozialean. JD Vance AEBko presidente pasa den larunbatean elkartu zen berarekin Vaticano hirian, baina hitzordu horregatik baino covid-19aren lehen egunetan eman zuen homilia "zoragarriagatik" gogoratu du.

AEBko presidente ohi Joe Bidenek ere doluminak adierazi ditu Jorge Bergoglioren heriotzagatik. "Bere aurrekoen antzik ez zuen" Aita Santua izan dela azpimarratu du eta, etorkizunean, gure garaiko "agintaririk garrantzitsuenetako bat bezala" oroituko dutela uste du.

Javier Milei Argentinako presidentea ere atsekabetuta agertu da Frantzisko aita santuaren heriotzagatik, eta haren ondarea gogora ekartzearekin batera, 2013an "Eliza Katolikoaren buru izatera iritsi zen lehen argentinarra" izan zela azpimarratu du. Halaber, erlijioen arteko elkarrizketa sustatzeko eta bizitza espirituala gazteengana hurbiltzeko bere "borroka nekaezina" goraipatu du.

Claudia Sheinbaum Mexikoko presidentearentzat Frantziskoren heriotza "galera mingarria" da. "Jarrera progresista" zeukalako Aita Santuaren "aurka" jende ugari zegoela salatu izan du agintari mexikarrak. Bere hitzetan, "erlijioaren gainetik", Frantzisko "humanista bat zen, pobrengandik gertu zegoen gizona".

Isaac Herzog Israelgo presidenteak Aita Santuak mundu juduarekin dituen "lotura handiak" azpimarratu ditu. Ildo horretan, "pobreen ongizatearen alde eta munduan bakea lortzeko" egindako lana balioan jarri du.

Hamasek ere hitz egin du eta Aita Santua herri palestinarraren "eskubide legitimoen defendatzaile sutsua" izan zela adierazi du. Horrez gain, azken hilabeteetan Israelek Gazaren aurka egindako genozidioen aurka agertu zela gogoratu du.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak Frantzisko aita santua "humanismoaren eta justiziaren defendatzaile" gisa nabarmendu du.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, bere aldetik, gogora ekarri du "Ukrainako bakearen eta ukrainarren alde" otoitz egin zuela.

Euskal Herriko agintari politikoek ere erreakzionatu dute Aita Santuaren heriotzaren aurrean.

Imanol Pradales lehendakariak Linkedin sare sozialean argitaratutako mezu batean adierazi duenez, Frantzisko aita santua ahulenen, migratzaileen eta ingurumenaren "ahots irmoa" izan da. "Bitartekari nekaezina" ez ezik, nazioarteko geopolitikan "gakoa" izan dela eta Venezuelakoa edo Ukrainakoa bezalako gatazketan "zubi lana" egin duela nabarmendu du.

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak ere atsekabea adierazi du eta nabarmendu du giza balio sakonak zituen gizona zela. Horrez gain, bakearen, justizia sozialaren eta elkarrizketaren alde lan egin zuela goraipatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko azken orduko berriak Pedro Sánchez bideoak Aita santua argazkiak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Vatikanoko azken ordukoa