Mundua -
Gerra komertziala
AEBko produktuen gaineko muga-zergak % 125eraino igoko ditu Txinak
"Washington Txinaren interesen aurka badoa, amaierara arte gogor erantzungo diogu", esan du Estatu Kontseiluko Muga-zergen Batzordeak.
agentziak | eitb media
Txinak iragarri du apirilaren 12tik aurrera % 84tik % 125era igoko dituela AEBtik inportatutako produktuen gaineko muga-zergak, Washingtonek onartutako azken zerga-sortari erantzunez.
Apirilaren 12an sartuko da indarrean Estatu Kontseiluko Muga-zergen Batzordeak iragarritako neurria. Azken honek AEBren politika komertziala salatu du "nazioarteko merkataritzaren arauak larriki urratzen dituelako, jazarpen politika unilateral batean oinarrituta".
"AEBk ez die arau ekonomiko globalei jaramonik egin", esan du ohar batean. "Txinak irmoki gaitzesten ditu azken neurriak, gure pazientziak ere mugak baititu", adierazi dute.
"Washington Txinaren interesen aurka badoa, amaierara arte gogor erantzungo diogu", jaso dute testuan.
Hitz horien zakarkeria gorabehera, Pekinek zehaztu duenez, AEBko produktuak "Txinako merkatu errealetik kanpo" daude, eta, beraz, zergak handitzen jarraitzeak ez luke zentzurik, "hutsala" litzateke, eta "munduko ekonomiaz trufatuko litzateke".
Hasiera batean, % 50eko muga-zergak ezarri zizkion Txinari Trumpek. Horren aurrean, Pekinek % 34tik % 84ra igo zizkion zergak AEBri.
Atzean geratu ezinda, % 125eraino handitu zituen Trumpek produktu txinatarren gaineko muga-zergak.