Mundua -
Palestina
OMEk ohartarazi du Gazan sendagaiak 2-4 aste barru agortu daitezkeela, Israelen blokeoa dela eta
Biltegietako botikak 2-4 aste barru agortu daitezke, Israelek martxoaren 2tik inposatu duen blokeo humanitarioaren eraginez.
Agentziak | EITB Media
Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) biltegietako sendagaiak 2-4 aste barru agortu daitezke Gazan, Israelek martxoaren 2tik duen blokeo humanitarioa dela eta, Tedros Adhanom Ghebreyesus erakundeko zuzendari nagusiak gaur ohartarazi duenez.
"Blokeoa lehenbailehen kentzea, osasun sistema babestea eta Gazan langile humanitarioei oztoporik gabe sartzen uztea eskatzen dugu", azpimarratu du Tedrosek prentsaurrekoan.
OMEko arduradun nagusiak berretsi duenez, blokeoa "malnutrizioa eragiten ari da edateko urik, etxerik edo osasun arreta egokirik ez duten familietan, eta horrek areagotu egiten du gaixotzeko edo hiltzeko arriskua".
Tedrosen arabera, blokeo humanitarioak, besteak beste, 180.000 txerto dosi Gazara ez iristea eragin du, eta 2 urtetik beherako 60.000 haur immunizatu gabe utzi ditu.
"Osasun sistemak partzialki baino ez du funtzionatzen, gainezka dago eta horren aurkako erasoek jarraitzen dute", gaineratu du, eta dagoeneko 400 langile humanitario baino gehiago hil dituztela gogorarazi du.
Era berean, Gazako Zerrendako agintariek gaur ohartarazi dutenez, "botiken eta hornidura medikoen defizita aurrekaririk gabeko mailara iritsi da", eta ospitaleetako eta osasun zentroetako biltegiak betetzeko "premiazko deia" egin dute.
Osasun Ministerioak Telegram bidez zabaldutako ohar batean azaldu duenez, "funtsezko sendagaien % 37 ez daude jada", eta "hornidura medikoen % 59" falta dira.
"Ebakuntza-gelak, zainketa intentsiboetako unitateak eta larrialdi-gelak bizitzak salbatzen dituzten botikarik eta hornidurarik gabe ari dira lanean", erantsi du, eta diabetesa duten 80.000 pazientek eta hipertentsioa duten 110.000 pazientek "ez dute sendagairik lehen mailako osasun-zentroetan", horren arabera.
Hala, salatu duenez, "hornidura medikoak eta sendagaiak sartzeko mugako pasabideak ixteak krisia areagotu du eta ondorio katastrofikoak ditu paziente eta zaurituentzat".
Desnutrizioaren ondorioz, 60.000 haur palestinarrek "osasun arazo larriak" izateko arriskua dutela ohartarazi zuen Ministerioak asteazkenean, Oren Marmorstein Israelgo Atzerri Ministerioko bozeramaileak Gazan "laguntza humanitario eskasia" dagoela ukatu eta ordu batzuetara.