Mundua -

Gerra komertziala

Zerk bultzatu du Trump muga-zergen gerra globalean etenaldi bat ezartzera?

AEBren zor handiak eta haren zati garrantzitsu bat atzerriko inbertitzaileen esku egoteak, besteak beste, Txinaren esku; 10 bilioi dolarreko galera eragin duten burtsen beherakadek eta Trumpen gertukoenen arteko ika-mikek erabakia bultzatu ahal izan dute.

Donald Trump AEBko presidentea Etxe Zuriko Bulego Obalean. Argazkia: EFE
Donald Trump AEBko presidentea Etxe Zuriko Bulego Obalean. Argazkia: EFE

Donald Trump AEBko presidentea Etxe Zuriko Bulego Obalean. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuen zor publiko handia, 36 bilioi dolar baino gehiago, eta haren zati garrantzitsu bat atzerriko inbertitzaileen esku egotea, besteak beste, Txinaren esku; Donald Trump presidentearen muga-zerga politikaren ahultasunetariko bat da, eta atzera egitera behartu ahal izan du.

Aditu batzuek dagoeneko lotu dute Trumpek iragarritako muga-zergen zati handi bat hiru hilabetez atzeratzeko hartutako erabakia, azken egunetan AEBko zorraren interesak izandako gorakadarekin.

Muga-zergak iragarri eta berehala bonuaren errendimendua % 4tik jaitsi zen bigarren mailako merkatuan, baina hurrengo saioetan goranzko bideari ekin zion, eta % 4,5era hurbildu zen Trumpek muga-zergak eten baino ordu batzuk lehenago.

Aditu asko harritu zituena errentagarritasunaren ondorengo gorakada izan zen, inbertitzaileek AEBko bonuak erosteko gogo gutxiago erakusten zuen mugimendua, edo, batzuek iradoki duten bezala, zorraren jabeek salmentak handitzea. Testuinguru horretan planteatzen da Txina salmenta horien atzean egon daitekeela.

Une honetan, AEBko zor publikoa 36,2 bilioi dolarrekoa da, eta horietatik 28,9 bilioi inbertitzaileen esku daude, datu ofizialen arabera. Gainerako 7,3 bilioi dolarrak AEBko Gobernuak hartutako konpromiso eta betebeharrei dagozkie, pentsioak eta beste dirulaguntza batzuk ordaintzeko.

Estatu Batuetako bonuen edukitzaile handienen artean, Erreserba Federala nabarmentzen da, 9 bilioi dolar inguru dituena. Atzerriko inbertitzaileek 8,5 bilioi dolar inguru kontrolatzen dituzte, Bloombergen datuen arabera.

Estatuen kasuan, edukitzaile handiena Japonia da, 1,08 bilioi dolarrekin, ondoren Txina (761.000 milioi dolar) eta Erresuma Batua (740.000 milioi dolar).

Bonu estatubatuarren interesen gorakada bereziki garrantzitsua da, Trumpen Gobernuak 9 bilioi dolarreko zorra birfinantzatu behar duelako aurten.

Argitaratutako txosten batean, Aberdeen Investments kudeatzaileak azpimarratu du Trumpek berak aitortu duela zorraren merkatuaren bilakaera "gertutik" jarraitzen ari dela.

Era berean, Kevin Hasset AEBko Kontseilu Ekonomiko Nazionaleko zuzendariak onartu duenez, zorraren etekinen igoeraren ondorioz, "premiazkoagoa" zen muga-zerga gehienak etetea.

Burtsen zaplaztekoa

Gainera, ezin da ahaztu burtsen bilakaera oso txarra izan dela hiru egunez jarraian. Burtsa gehienek hiru eguneko beherakada izan dute AEBko muga-zergak inposatu ostean, atzeraldi globalaren beldurra areagotuz.

Gerra komertzialaren ondorioz, hiru egun eskasean, 10 bilioi dolar galdu dituzte Burtsako balioan, Bloomberg AEBko finantza aholkularitza konpainiak emandako datuen arabera. EAEren Barne Produktu Gordina (BPG) halako 100 da zenbatekoa, Europar Batasunaren (EB) BPGaren erdia.

AEBko merkatuan, Apple izan da galtzaile handienetako bat (% 3,67 egin zuen behera), Txinarekiko menpekotasun handia baitu. Hiru saiotan, balioaren % 20 egin du behera. Sagarraren konpainia AEBko merkatuaren zazpi handietako bat da; Nvidia, Microsoft, Amazon, Alphabet, Meta eta Tesla dira gainerakoak. "Zazpi handiek" 5,3 bilioi dolar galdu dituzte kapitalizazioan.

Ika-mikak etxe barruan

Horrez gain, AEBko presidentearen gertukoenen artean eztabaida beroak izan dira azken egunetan. Elon Musk Teslaren jabeak Peter Navarrori, Trumpen Merkataritza eta Manufaktura aholkulariari, "tentel" eta "tontolapiko" deitu zion.

Musken eta Navarroren arteko gerrak jarraitzen du, Navarrok NBC Newsi egindako adierazpenetan Musk "auto ekoizlea ez" dela adierazi ondoren, "muntatzailea baizik". Teslaren osagaiak munduko hainbat lekutatik datozela gogorarazi zuen Navarrok, hala nola Txinatik, Taiwandik edo Japoniatik.

Navarrok azpimarratu zuenez, Muskek "atzerriko osagai (mekaniko) merkeak" nahi ditu; Gobernuak, aldiz, autoak Estatu Batuetan osorik egin nahi ditu.

Navarrok handi-mandiari buruzkoak inoiz edo behin bota izan ditu; izan ere, Muskek Europar Batasuneko (EB) produktuen gaineko muga-zergak kentzearen alde dagoela adierazi ondoren, aholkulariak esan zuen aberatsak "bere interesak babesten dituela, beste edozein enpresaburuk egingo lukeen moduan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Txina Erresuma Batua Japonia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Burtsa Donald Trump Merkataritza Ultraeskuina