Mundua -

Gerra komertziala

Europar Batasunak 90 egunez % 10eko muga-zerga izango du

AEBko goi-funtzionario batek azaldu duenez, Washingtonek salbuespen hori EBra zabaltzea erabaki du, oraindik ez duelako errepresaliarik hartu. Hala ere, Europar Batasunak gaur arratsaldean iragarri ditu AEBen aurkako lehen neurriak.

Hanburgoko portua (Alemania). Argazkia: PxHere
Hanburgoko portua (Alemania). Argazkia: PxHere

Hanburgoko portua (Alemania). Argazkia: PxHere

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko presidenteak 90 eguneko etenaldia iragarri du gaur muga-zergetan, bere egitasmoaren aurka errepresalia komertzialik hartu ez duten eta irtenbide negoziatu bat bilatu duten estatuei. Horrela, Europar Batasunak 90 egunez % 10eko muga-zerga izango duela baieztatu du Etxe Zuriak.

AEBko goi-funtzionario batek azaldu duenez, Washingtonek salbuespen hori EBra zabaltzea erabaki du, oraindik ez duelako errepresaliarik hartu. Hala ere, Europar Batasunak gaur arratsaldean iragarri ditu AEBen aurkako lehen neurriak.

Scott Bessent AEBko Altxorraren idazkariak 90 eguneko etenaldia baieztatu du muga-zergen aplikazioan, eta horien "oinarri" globala % 10ekoa izango dela iragarri du.

Lehen negoziazioak Vietnam, Japonia, Hego Korea eta Indiarekin egingo dituztela jakinarazi du idazkariak. Bessent hedabideen aurrean agertu da Etxe Zurian, Trumpek iragarpena egin eta minutu gutxira.

Kameren aurrean, Bessentek AEBko agintariaren estrategiaren parte gisa aurkeztu du etenaldia, eta ez burtsako merkatuetan izan berri diren beherakaden aurreko erantzun gisa. Altxorreko idazkariaren ahotan, Trumpen politikak Txinatik gertuen dauden estatu batzuk, Vietnam kasu, Washingtonekin akordioak bilatzera bultzatu dituztelako.

Scott Bessent eta Karoline Leavitt, Etxe Zurian. Argazkia: EFE

Scott Bessent eta Karoline Leavitt, Etxe Zurian. Argazkia: EFE

"Ez erantzun errepresaliekin eta sarituak izango zarete", adierazi du Bessentek, Trumpen jarrera azaltzeko saiakeran.

Bessentek azaldu duenez, Kanada eta Mexiko, apirilaren 2ko zerga globalaren eta gehigarriaren kanpo, orain bai daude % 10eko muga-zerga igoera unibertsala izango duten estatuen zerrendan. Baina gutxi geroago Etxe Zuriak esan du Mexikok eta Kanadak ez dutela muga-zergarik izango, Bessentek esandakoa zuzenduz.

Bessentek baieztatu duenez, Brasilek eta Latinoamerikako beste herrialde batzuek, besteak beste, % 10eko "oinarrizko tasa" berriaren eraginpean daudenek, muga-zerga horri eutsiko diote datozen 90 egunetan.

Funtzionarioaren hitzetan, Trumpek "ausardia handia" erakutsi du AEBrekin defizit komertzial esanguratsuak dituzten estatuekin berriro negoziatzeko helburuarekin hartutako neurriengatik.

Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak ere defendatu du hori zela Trumpen estrategia hasieratik, eta ez duela erabakia hartu merkatuetako beherakaden aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Merkataritza