Mundua -

Gerra komertziala

AEBri ezarritako muga-zergak % 84ra igo ditu Txinak, Trumpen hordagoari erantzunez

Pekinek % 50 handitu ditu AEBri bihartik aurrera ezartzekoak zizkion arantzelak. Horrez gain, Munduko Merkataritza Erakundean kexa aurkeztu du, eta ohartarazi, gerra komertzialen kontra dagoen arren, bere "interes legitimoak irmo defendatuko" dituela.

Lin Jian, Txinako Atzerri Ministerioaren bozeramailea. EFE
Lin Jian, Txinako Atzerri Ministerioaren bozeramailea.

Lin Jian, Txinako Atzerri Ministerioaren bozeramailea. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Musean ariko balira bezala, Txinak arin erantzun dio Donald Trump AEBko presidenteak egindako hordagoari, eta AEBko produktuei ezarritako muga-zergak % 34tik % 84ra igoko dituela iragarri. Aurrez, modu bertsuan jokatu zuen handi-mandi estatubatuarrak, eta Beijingo inportazioen gainean jarritako tasa bikoiztuko zuela erabaki.

Ohar bidez egin du iragarpena Txinako Finantza Ministerioak. Zehaztu duenez, arantzel berria apirilaren 10ean sartuko da indarrean, AEBk "hainbat aldiz egindako akatsa"ri erantzunez —hasieran batean, % 20ko muga-zerga ezarri zion; gerora, % 34 gehitu, eta azkenerako, bikoiztu—.

Bestalde, Txinako Merkataritza Ministerioak AEBren kontrako neurri gehiago hartu ditu. Esportazioen kontrolerako zerrendan AEBko 12 konpainia sartu ditu. Tartean daude ekipoen fabrikatzaileak eta ingeniaritza enpresak: BRINC (droneak egiten ditu), Novotech (aeronautika enpresa), Marvin Engineering Company (makineria) eta Echodyne (radarrak).

Sei konpainia "enpresa ez fidagarrien" zerrendan txertatu ditu, horien artean, ekipo militarren hornitzaileak daude, hala nola Cyberlux eta Sierra Nevada. Agiriaren arabera, murrizketa horien helburua "erabilera bikoitzeko" artikulu zibil eta militarrak ez trukatzea da.

Beijingek kexa bat helarazi dio Munduko Merkataritza Erakundeari (MME), eta ohartarazi du muga-zergek munduko merkataritza are gehiago ezegonkortzeko mehatxua ekarriko dutela. "Egoera modu arriskutsuan larriagotu da... Erasandako kideetako bat den aldetik, Txina kezkatuta dago eta neurri horren aurka dago", adierazi dio Txinak Munduko Merkataritza Erakundeari.

"Txina gerra komertzialen aurka badago ere, bere interes legitimoak irmo defendatuko ditu", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Txina Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Merkataritza