Mundua -
AEB-ISRAEL
Muga-zergak, bahituak, Iran eta Zigor Auzitegia izango dituzte hizpide Trumpek eta Netanyahuk astelehenean
Trumpek muga-zerga orokorrak iragarri zituenetik Etxe Zurian hartu duen lehen agintaria izango da. Bestalde, 50.000tik gora dira jada Israelek Gazan hildako pertsonak, eta greba deitu dute astelehenerako Zisjordanian.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Donald Trump presidentea eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa Etxe Zurian bilduko dira astelehen honetan, "AEBk ezarritako muga-zergak, Gazan bahitutakoak askatzeko ahaleginak, Israelen eta Turkiaren arteko harremanak, Iranen mehatxua eta Nazioarteko Zigor Auzitegiaren aurkako borroka" aztertzeko, Israelgo Gobernuak jakitera eman duenez.
Trumpek Netanyahurekin eta Viktor Orban Hungariako lehen ministroarekin hitz egin zuen ostegunean telefonoz, buruzagi israeldarra Budapesten zegoen bitartean, eta AEBra joango zela iragarri zuen deiaren ostean.
Trumpek % 10eko muga-zerga ezarri zuenetik jasoko duen atzerriko lehen agintaria izango da. Herrialde batzuei tasa handiagoa jarri die, baina Israeli % 17ko muga-zergak ezarriko omen dizkio.
Netanyahuren gobernuak hori ekiditeko produktu estatubatuarrei ezartzen dizkien muga-zerga guztiak kentzeko iragarpena egin du, baina ikusteko dago hemendik aurrera zer gertatzen den.
50.000 hildako eta gaixotasun arrisku larria Gazan
Ia 50.700 pertsona hil ditu Israelek Gazako Zerrendan egindako erasoetan, 2023ko urriaren 7an milizia palestinarrek Israelen aurka egindako erasoari erantzunez hasitako erasoaldian.
Gazako Osasun Ministerioak igande honetan ohartarazi duenez, 602.000 haur daude paralisia edo ezintasun kronikoak jasateko arriskuan, Israelek hilabete baino gehiago daramalako laguntza blokeatzen, gaixotasunei aurre egiteko behar dituzten txertoak Gazara iristea galarazten, adibidez.
Bestalde, Israelgo Armadak Gazako Zerrendaren hegoaldean dagoen Rafah herriko etxebizitzen % 90 erabat suntsitu ditu, eta Zerrendako gainerako guneetatik isolatuta utzi dute, Rafahko Gobernazioak ohar baten bidez salatu duenez.
Milaka lagunek protesta egin dute Rabaten, Gazako gerraren eta Israelekin harremanak normalizatzearen aurka
Milaka pertsonak manifestazioa egin dute Marokoko hiriburuan, Gazako Zerrendaren kontrako erasoak amaitzea eta Marokoren eta Israelen arteko harreman diplomatikoak haustea eskatzeko. Palestina Babesteko eta Normalizazioaren Aurkako Marokoko Fronteak deitu du protesta.
Besteak beste, "Palestina traidoreek saldu dute", "Gaza harrotasunaren ikurra da", "Herriak normalizazioa eten nahi du" eta "Gazaren alde gu sakrifikatzeko prest" oihukatu dute manifestariek.
Greba orokorra Zisjordanian astelehenean
Palestinako hainbat taldek greba orokorra deitu dute astelehenerako Zisjordania okupatuan, Fatah mugimendu sekularrak tartean, Palestinako Aginte Nazionalaren indar nagusiak. Hamasek ere babestu du deialdia.
Erakunde islamistako buruzagietako batek, Abdel Rahman Shadidek, oharra kaleratu du herritarrei greba orokorrean parte hartzeko deia eginez, "Gazako okupazioaren erasoaren aurka eta erresistentziaren alde".
"Gazan gure herriaren kontra gertatzen ari diren krimenen, genozidioaren eta garbiketa etnikoaren aurrean, eta okupazioak zein Zisjordaniako kolonoek egiten dituzten erasoen, abusuen eta judaizazioaren aurrean, okupazioaren aurka altxatu eta kontaktu puntu guztiak piztu behar ditugu", adierazi du Rahmanek Telegram bidez.