Mundua -

Frantzia

Le Pen: "Ez ditut besoak jaitsiko"

Parisko Vauban plazan bildutako milaka lagunen aurrean, Le Penek "jazarpen judiziala" salatu du. 14:00etan hasi da Frantzia Intsumisoak deitutako kontramanifestazioa, "ultraeskuinaren benetako aurpegia" salatzeko.

Marine Le Pen, ekitaldiko une batean. EFE
Marine Le Pen, ekitaldiko une batean. EFE

Zigor-epaia ''erabaki politiko bat'' dela salatu du Marine Le Penek

0:42

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Ez ditut besoak jaitsiko". Halaxe esan du Marine Le Pen eskuin muturreko buruzagi frantziarrak igande honetan, 2027ko hauteskundeetara aurkeztu ezinik utzi duen epaia jaso ostean egin duen lehen mitin jendetsuan. "Gezurrak, kalumniak eta prozesu faltsuak" salatu ditu bertan.

Parisko Vauban plazan bildutako milaka jarraitzaileren aurrean, Le Penek "jazarpen judiziala" salatu du, eta gaineratu ez dela bakarra, eta beste buruzagi batzuek ere bizi dutela jazarpen hori, Matteo Salvini Italiako Gobernuko presidenteordeak, besteak beste.

"Ez da Justiziaren erabakia izan, erabaki politikoa izan da", esan du Bilgune Nazionaleko (RN) buruak, alderdiko militanteen eta jarraitzaileen txaloen artean.

"Prozesu politikoa" pairatu duela azpimarratu du, eta EBren "basakeria" eta Frantziako Fiskaltzaren "partzialtasuna" kritikatu ditu.

"Bizitza politikotik kendu behar ninduten, eta helegiterik aurkezteko aukerarik gabe, gainera", esan du Le Penek, eta gogora ekarri du kargu publikoetarako bost urterako gaitasungabetzea berehala exekutatu dutela. Gaitasungabetze hori murriztea espero du Le Penek, 2026an ebatziko den apelazioarekin, 2027ko hauteskundeak baino lehen.

Ultraeskuindarren buru eta diputatuaren ustez, "zuzenbide estatua eta demokrazia mespretxatu dituzte", eta esan du 13 milioi boto-emailek gainerako herritarren "balio bera" dutela.

Le Penek argitu du ez duela epaile guztien lana jartzen zalantzan, eta epaiaren ostean zenbait magistratuk jaso dituzten mehatxuak eta irainak gaitzetsi ditu. 

Frantzia Intsumisoak, kontrako manifestazioa

14:00etan hasi da, Parisko Errepublika plazan, ezkerrak Marine Le Penen jarraitzaileek Frantziako hiriburuan egin duten mitinari "erantzuteko" deitutako manifestazioa.

Herrialdeko ezkerreko indar nagusiak, Frantzia Intsumisoak (LFI), deitu duen eta Berdeek babestu duten protestak "zuzenbide estatua" aldarrikatu du, Le Penen Bilgune Nazionalak (RN) bere protestarekin "mehatxatu" duena. 

Manuel Bompard LFIko koordinatzaileak ohartarazi duenez, ultraeskuinak "Errepublikari eta zuzenbide estatuari eraso die", eta gaurko ezkerreko manifestazioa "lehen urratsa da" Le Penen ideiak geldiarazteko.

Halaber, Mathilde Panot LFIk Frantziako Asanblea Nazionalean duen buruak "biolentotzat eta arriskutsutzat" jo du Bilgune Nazionala, eta elkartasuna adierazi die buruzagi nazionalpopulistaren aurka emandako zigorragatik mehatxatuta dauden magistratuei.

Manifestación de la izquierda francesa. EFE.

Manifestación de la izquierda francesa. EFE.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Ultraeskuina