Mundua -
MUGA-ZERGAK
Txinak Trumpi erantzun dio, apirilaren 10etik aurrera AEBko produktu guztiei % 34ko muga-zergak ezarrita
Txinako Finantza Ministerioak nabarmendu duenez, Trumpek Txinatik AEBra egiten diren esportazioen inguruan iragarritako neurriak "nazioarteko merkataritzaren arauekin bateraezinak" dira.
Agentziak | EITB MEDIA
Donald Trump AEBko presidenteak apirilaren 2an iragarritako neurri protekzionistei erantzunez Txinako Gobernuak iragarri duenez, "2025eko apirilaren 10etik aurrera" % 34ko muga-zergak ezarriko dizkiete AEBtik inportatzen diren salgai guztiei.
Txinako Finantza Ministerioaren arabera, Trumpek Txinatik AEBra egiten diren esportazioei buruz iragarritako neurriak "nazioarteko merkataritzaren arauekin bateraezinak" dira, Txinaren eskubide eta interes legitimoei kalte larria egiten baitiete. Besteak "beldurtzea" praktika ohikoa dutela adierazi du, baina horrek, AEBren interesei kalte egiteaz gain, munduko garapen ekonomikoa eta ekoizpen eta hornidura katearen egonkortasuna arriskuan jartzen ditu.
Washingtonen neurri horiei erantzunez, eta Txinako legeekin eta "nazioarteko zuzenbidearen oinarrizko printzipioekin" bat etorrita, Txinako Estatu Kontseiluko Muga-zergen Batzordeak iragarri du % 34ko muga-zerga gehigarriak ezarriko dizkietela apirilaren 10etik aurrera Ameriketako Estatu Batuetatik inportatutako merkantzia guztiei.
Horrela, Txinako Ministerioak AEBko Gobernuari eskatu dio berehala bertan behera utz dezala muga-zergak ezartzeko aldebakarreko erabakia, eta merkataritza alorrean sor daitezkeen ezadostasunak modu ekitatiboan eta errespetuz konpon ditzatela.
AEBko presidenteak 'Askapen Eguna' izendatu zuen iragan asteazkena, eta iragarri zuen % 34ko muga-zergak ezarriko zizkiela Txinatik egindako inportazioei, eta hori aurretik iragarritako % 20ko muga-zergei gehituta.