Mundua -
Gerra komertziala
AEBk % 10eko muga-zerga globala ezarriko du; % 20koa jarriko dio EBri, eta % 34koa, Txinari
Gainera, gauerditik aurrera inportatutako autoen gainean % 25eko muga-zerga ezarriko dituztela iragarri du AEBko presidenteak.
Agentziak | EITB Media
Donald Trump AEBko presidenteak gaur iragarri duenez, "mundu osoko" estatuetako produktuen gainean muga-zergak ezartzeko agindu exekutibo bat sinatuko du. "Mundu osoko herrialdeei muga-zergak ezarriko dizkien agindu exekutibo historiko bat sinatuko dut", adierazi du Trumpek Etxe Zuriko Arrosa Baratzean egindako ekitaldi batean.
Gainera, gauerditik aurrera indarrean egongo diren inportatutako autoen gaineko % 25eko muga-zergak ezarriko dituela iragarri du Trumpek, "Amerika berriro handi egin dezagun" eta bere herrialdeko industria sektorea bultzatzeko.
"Hau da, nire ustez, Estatu Batuetako historiako egunik garrantzitsuenetako bat. Independentzia ekonomikoaren aldarrikapena da", azpimarratu du Trumpek.
"Hainbat hamarkadatan, gure herrialdea arpilatu eta bortxatu dute hurbileko eta urruneko nazioek, bai lagunek, bai etsaiek", ziurtatu du Etxe Zuriko lorategitik.
"Altzairugintzako langileek, automobilgintzako beharginek, nekazariek eta artisau kualifikatuek [...] benetan asko sufritu dute, arduraz ikusi dute atzerriko agintariek gure lanpostuak lapurtu dituztela, atzerriko tranpa batzuek gure lantegiak arpilatu dituztela eta atzerritar sarraskijale batzuek gure amets amerikar ederra suntsitu dutela", gaineratu du.
Hitzaldian, agintariak Hego Korea, Japonia, Vietnam, Thailandia eta Indiari, besteak beste, muga-zergak ez diren neurriak ezartzea leporatu die, esportazioen lehiakortasunaren mesedetan dirulaguntzak edo ekoizpenerako estandarrak jaistea.
% 10eko muga-zerga globala
Zehazki, Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak inportazio guztiei % 10eko zerga globala ezartzea erabaki du, eta karga gehigarriak ezarriko dizkie AEBko produktu eta zerbitzuetan oztopo komertzial eta fiskal handiak ezartzen dituzten herrialdeei —Europako BEZa, esaterako—, AEBko funtzionarioek aurreratu dutenez.
Europar Batasuna eta tankerako herrialde edo bloke ekonomikoei zuzendutako muga-zerga horiek apirilaren 9tik aurrera aplikatuko dira, funtzionario horiek zehaztu dutenez. Iturri horien arabera, % 10eko oinarrizko zerga apirilaren 5ean, larunbata, hasiko da aplikatzen.
% 20ko muga-zergak EBri, eta % 34koa, Txinari
Trumpek iragarri du Europar Batasunetik inportatutako produktu guztien gainean % 20ko muga-zergak ezarriko dituela.
"Haiek kobratzen digutenaren erdia kobratuko diegu, gutxi gorabehera. Beraz, tarifak ez dira guztiz elkarrekikoak izango", ohartarazi du Etxe Zuritik.
Aldez aurretik, Europar Batasuna jarri du jomugan, Estatu Batuetatik esportatutako hegazti produktu gehienak "debekatzeagatik".
Bestalde, Trumpek jakinarazi du Txinari % 34ko muga-zerga ezarriko diotela, AEBko produktuak % 67 garestitzen dituzten politikei erantzuteko. Japoniak % 25eko zigorra jasoko luke; Hego Koreak, % 25ekoa; eta Taiwanek, % 32koa. Gutxien kaltetutakoen artean Erresuma Batua legoke, % 10eko muga-zergarekin.