Mundua -

Sarraskia Gazan

Milaka palestinar behartu ditu Israelek Rafahetik beste behin ihes egitera

40.000 gazatar inguruk Rafah eremutik alde egin behar izan dute gaur, Gazako hegoaldean, Israelgo Armadak hiria eta inguruko eremuak bonbardatu baino lehen lekualdatzeko agindu berriak eman ostean.

Behartutako exodo palestinarraren irudia, gaur. Argazkia: EFE
Behartutako exodo palestinarraren irudia, gaur. Argazkia: EFE

Behartutako exodo palestinarraren irudia, gaur. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

40.000 gazatar inguruk, horietako askok autoak, bizikletak eta atoiak goraino kargatuta zituztela, Rafahetik alde egin dute gaur, Gazako zerrendaren hegoaldeko muturrean, bertako Alkatetzak baieztatu duenez, Israelgo Armadak lekualdatzeko agindu berriak bidali ostean, hiria eta inguruko eremuak bonbardatu aurretik.

"Jada ez zaigu ezer geratzen, ez kontsumitzeko, ez dirurik. Ezin ditugu lehen mailako beharrak asebete", azaldu du Sabri Abu Lainin gazatarrak, 2023ko urriaren 7tik hamar aldiz desplazatu beha izan denak.

Lainin, Rafaheko Alkatetzaren datuen arabera, su-etena hastearekin batera hegoaldeko hirira itzultzeko aukera ikusi zuen 50.000 pertsonetako bat da, Israelgo bonbek suntsitutako bere etxea berreraikitzeko asmoz.

"Hilabete daramagu Rafahen. Ez genuen urik, baina gure etxeetara itzuli behar genuen hutsik gera ez zitezen", dio etsita Mohamed el Imanek, Rafaheko beste gazatar batek.

Bien asmoak, hala ere, zapuztu egin dira berriro Israelek Palestinako lurraldearen aurka martxoaren 18an berriz abiatutako bonbardaketekin, baita azken asteetan Egiptorekin muga egiten duen eremu horren aurka egindako lurreko eraso berriekin ere.

Palestinarrak, Rafahetik ihesi. Argazkia: EFE

Palestinarrak, Rafahetik ihesi. Argazkia: EFE

NBEk joan den astean emandako datuen arabera, Zerrendaren % 20 inguru Israelen "ebakuazio" agindupean dago, Netzarim korridorea kontuan hartu gabe.

Gainera, "ebakuazio" agindu berri hauek gazatarrentzat bereziki garrantzitsua den une batean heldu dira, Aid al Fitr, Ramadanaren hilabete sakratuaren amaiera markatzen duen hiru eguneko jai musulmanaren bigarren eguna baita.

Hamas erresistentzia erakunde palestinarrak Israelgo Armadak Rafaheko herritarrak eta inguruko eremuak husteko emandako aginduak gaitzetsi ditu gaur, "gerrako krimenak" direla iritzita.

"Nazioarteko zuzenbidearen eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa nabarmena da, bortxazko lekualdatzea eta garbiketa etnikoa", salatu du Hamasek ohar batean.

Igande honetan, Palestinako Ilargi Gorriaren Larrialdi Zerbitzuak (PRCS, ingelesez) jakinarazi zuenez, 15 gorpu aurkitu dituzte, tartean zortzi paramediko eta NBEko langile bat, Tal al Sultan auzoan, non 15 osasun-langilek osatutako taldea igandean bertan desagertu zen, Israelgo indarrek eraso egin ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Giza eskubideak Ultraeskuina Ekialde Hurbila Hamas Benjamin Netanyahu