Mundua -
SENTENTZIA
Marine Le Pen errudun jo dute ustelkeriagatik, eta kargu publikoan aritzeko inhabilitazioa ezarri diote
Lau urteko espetxea (horietako bi bakarrik bete beharko ditu), 100.000 euroko isuna eta kargu publikoan aritzeko bost urteko berehalako inhabilitazioa ezarri dizkiote Frantziako eskuin muturraren buruari. Horrenbestez, ezingo du hautagai izan 2027ko hauteskunde presidentzialetan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Marine Le Pen Frantziako eskuin muturreko burua eta Bilgune Nazionala (BN) alderdiko beste zortzi eurodiputatu errudun jo ditu Parisko Auzitegi Korrekzionalak, Europako Parlamentuko dirua (2,9 milioi euro) euren alderdia finantzatzeko erabiltzea egotzita.
Lau urteko espetxea (horietako bi bakarrik bete beharko ditu, nahi izatera pultsera elektronikoarekin), 100.000 euroko isuna eta kargu publikoan aritzeko bost urteko berehalako inhabilitazioa ezarri dizkiote Frantziako eskuin muturraren buruari, eta, ondorioz, ezingo du hautagai izan 2027ko hauteskunde presidentzialetan. Inkesten arabera, bozak irabazteko aukera izan zezakeen.
Benedicte de Perthuis Auzitegiko presidenteak esan du "berehala" ezarriko dela inhabilitazioa. "Inor ez da epaitu politikan aritzeagatik, hori ez da auziaren arrazoia", nabarmendu du De Perthuisek. Esan duenez, probatuta geratu da dirua bideratzeko "antolatutako sistema" bat zegoela alderdiaren barruan.
Hain zuzen, berehalako inhabilitazioa ezarri diotela entzun orduko, aretotik atera da Le Pen, haserre, "sinesgaitza, sinesgaitza" esanez, zigorra osorik entzun gabe. BNren egoitza nagusira joan da, eta bertan zain zituen dozenaka kazetarien aurrean adierazpenik egin gabe, barrura sartu da.
Sare sozialetan zabaldutako mezu batean, Jordan Bardella BNko eurodiputatuak eta Le Penen bigarrenak gogor salatu du epaia. "Frantziako demokrazia exekutatu dute", idatzi du.
Auzipetutako gainerako zortzi eurodiputatuei kartzela-zigor, inhabilitazio eta isun ezberdinak ezarri dizkiete. Besteak beste, Louis Aliot Perpinyàko alkate ultraeskuindarrari hiru urteko inhabilitazioa ezarri diote, baina ez berehalakoa, udalean hautetsia delako.
Ebazpenaren arabera, Jean-Marie le Pen aitaren eskutik hartu zuen Marine Le Penek alderdiaren barruko legez kanpoko finantzaketari eusteko "ardura nagusia", eta zeregin hori "autoritatez eta determinazioz" bete zuen. Horregatik ezarri diote berari zigorrik handiena.
Auzitegiko presidenteak ebatzi du "demokraziaren neutraltasuna" zalantzan jarri zela, eta ustelkeria sistemak hauteskundeetara "abantailarekin" aurkeztea ahalbidetu ziola BNko buruari.
Rodolphe Bosselut abokatuak iragarri du epaiari helegitea jartzeko bideak aztertzen ari direla.
Epaiketa
Iazko irailean egin zen epaiketan, Fiskaltzak bost urteko kartzela-zigorra (horietako hiru betetzetik salbuetsita), 300.000 euroko isuna eta kargu publikoan aritzeko bost urteko inhabilitazioa (berehalako aplikazioarekin) eskatu zituen Le Penentzat. "Ez dut uste (epaileak) hain urrutira iritsiko direnik", esan zuen Le Pen berak, joan den larunbatean, La Tribune Dimanche astekarian argitaratutako adierazpenetan.
Leporatzen dizkioten akusazio guztiak ukatu ditu beti Le Penek, eta "justiziak jazarri" duela salatu du. Bere hitzetan, "boterera heltzea saihestu nahi dute".
Bilgune Nazionalak inoizko ordezkaritza handiena (143 eserleku) eskuratu zuen iaz, Frantziako hauteskunde legislatiboetan, hirugarren postuan geratu bazen ere. "Nire atzean hamaika milioi herritarren botoa dago", nabarmendu zuen buruzagiak.
Hamar urteko ikerketa
Ikerketa 2014an hasi zuten Frantziako Justiziak eta Iruzurraren kontrako Europako Bulegoak, eta urteotan ia 2.500 proba bildu dituzte. Urte hartan, orduko Fronte Nazionalak (gerora Bilgune Nazionala bihurtu zena) Europako hauteskundeak irabazi zituen Frantzian, eta 24 ordezkari eskuratu ganberan.
Europarlamentari bakoitzak 23.000 euro zituen hilero aholkulariak kontratatzeko. Bada, Fiskaltzaren arabera, dirutza alderdia finantzatzeko eta kideen nominak ordaintzeko erabili zuten. Fronte Nazionalak alderdiak bizi zuen krisi ekonomikoa gainditzea lortu zuen modu horretara (Parisen zuen egoitza historikoa saldu behar izan zuten, hori bai).
Fiskaltzak Jean-Marie Le Pen orduko liderra—30 urtez izan zen europarlamentari— jarri du amarruaren buru, baina zehaztu Marine alabak sistemari eutsi ziola.
Akusazioaren arabera, Le Penek Europako ganberako dirua erabili zuen bere kabinete buruaren eta bizkartzainaren soldatak ordaintzeko. Bien bitartean, ustez europarlamentarien aholkulariak zirenak apenas zapaldu zuten Estrasburgo.