Mundua -
LURRIKARA
Erreskate lanak fase kritiko batean sartu dira Myanmarren, eta hildakoak 1.700 dira gutxienez
Erreskate gutxi batzuk izan direla jakinarazi dute, baina oraindik ez dago argi zein den herrialdearen benetako egoera. Gainera, hamaika erreplika izan dira igande honetan.
agentziak | eitb media
Myanmarreko erreskate lanak fase kritiko batean sartu dira ostiralean herrialdearen erdigunea-iparraldea jo zuen lurrikara gertatu eta 72 ordura. Gutxienez 1.700 dira hildakoak Batzorde Militarraren arabera, eta hedabide independenteek 3.000 direla zabaldu dute.
MRTV irrati eta telebista kate nazionalak zabaldu duenez, bost urteko haur bat, haurdun dagoen emakume bat eta 29 urteko beste emakume bat erreskatatu ditu lantalde txinatar batek Mandalayn behera etorritako eraikin baten hondakinen artetik.
60 ordutik gora egon dira lurrikararen ondorioz harrapatuta, eta ospitalera eraman dituzte.
Hori baino lehentxeago beste emakume bat erreskatatu omen dute Great Hall hotelean, herrialdeko bigarren hiri handiena den horretan bertan.
Myanmarko Batzorde Militarrak, apirilaren 6ra arte 7 dolu egun ezarri dituenak, egoeraren inguruan eman duen informazio apurretakoa da hori. Min Aung Hlaing Batzorde Militarreko buruak Malasiako lehen ministroari jakinarazi zion 1.700 baino gehiago direla hildakoak, eta 3.400 zaurituak.
Bertako hedabide independente batzuek, Mizzimak adibidez, hildakoen kopurua 3.000ra igo dute, eta erregimenaren laguntza eskasa dela salatu dute.
Mandalayko eta Naipyidoko aireportuak itxita daude lurrikararen eraginez. Oinarrizko azpiegitura horiek suntsituta geratu ziren.
Mandalay omen da hondamendi naturalak gogorren jotako eremua, baina zaila da jakitea, bertara iristeko arazo handiak daudelako, eta Interneten eta telefonia zerbitzuen etenaldiek are gehiago zailtzen dutelako egoera. Batzorde Militarrak adierazi zuen hirian bertan 700 inguru zirela hildakoak.
Sagaingen are zailagoa da jakitea zer gertatzen ari den, talde errebeldeek indar handia baitute bertan, eta Gurutze Gorriak jakinarazi du hiriaren % 70 suntsituta egon daitekeela.
Batasun Nazionaleko Gobernuak, egungo agintarien aurka dagoen erbesteko mugimenduak, astelehen honetan adierazi du indar armatuek 11 bonbardaketa egin dituztela lurrikara gertatu zenetik. Batasun Nazionalak, berriz, su-etena eskaini zuen.
Bestalde, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Federazioak 106 milioi euro biltzeko kanpaina abiatu du, lurrikararen eta azken egunotan izan diren errepliken biktimei laguntzeko.
Myanmarren azken hamarkadetan izan den lurrikara Bangkoken (Thailandia) ere nabaritu zen, eta hainbat dira hildakoak eta desagertuak, eraikitzen ari ziren eraikin bat behera etorri zenean. Txinako Yunnan eskualdean ere dardara egin zuen zoruak.