Mundua -
LURRIKARA
1.600 hildakotik gora zenbatu dituzte jada Myanmarren
NBEk eta Txinak laguntza humanitarioa eta erreskate taldeak bidali dituzte. Thailandian gutxienez 10 hildako izan dira, eta hondakin artean bila jarraitzen dute.
agentziak | eitb media
Myanmarko batzorde militarrak jakinarazi du ostiralean Myanmar astindu duen lurrikarak gutxienez 1.664 hildako, 3.408 zauritu eta 139 desagertu utzi dituela.
Mandalay eskualdean soilik 700 hildako zeudela jakinarazi eta ordu gutxira eman ditu datu horiek batzorde militarrak.
Min Aung Hlaing batzorde militarraren burua Mandalayn bertan izan da, eta oraindik datuak pilatzen ari direla esan du.
Bertan 12:50 (Euskal Herrian 07:20) zirenean gertatu zen lurrikara, 10 kilometroko sakoneran, eta Sagaing eta Mandalay artean izan zuen epizentroa, azken horretatik 17 kilometrora, AEBko Geologia Zerbitzuaren arabera.
Harrezkero, erreskate taldeak etenik gabe ari dira lanean, norbait bizirik aterako duten esperantzarekin, nahiz eta orduek aurrera egin ahala txikitu egiten den aukera hori.
Indar Armatuek larrialdi egoera ezarri dute Mandalayn, Sagaingen, Magwayen, Shanen, Naypyidawn eta Bagon ere.
Txinan, Indian eta Thailandian ere nabaritu zuten dardara. Bangkoken gutxienez 10 pertsona hil eta 100 desagertu dira, eraikitzen ari ziren hiru eraikin behera etorrita.
NBEk laguntza indartu du
Nazio Batuen Erakundeak larrialdietarako laguntza areagotu du Myanmarren, eta 4,6 milioi euro gehiago bideratuko ditu lurrikararen ondorioei aurre egiten laguntzeko.
Testuinguru horretan, Elikagaien Mundu Egitasmoak azpimarratu du lau herritarretik bat "elikadura segurtasun gabezia larrian" dagoela, eta Myanmarrek ezin duela hondamendi gehiago izan, biziraun nahi badu.
Tom Andrews NBEk Myanmarrerako duen kontalariak ohartarazi du batzorde militarrak "arma" moduan erabiltzen duela laguntza militarra, eta nazioarteari eskatu dio oposizioaren bitartez bideratzea laguntza.
Txinak, bere aldetik, Myanmarren mugakide den heinen, erreskate taldeak bidali ditu, 10 milioi eurotik gorako laguntza humanitarioarekin batera.
Naciones Unidas pide a la comunidad internacional "ayuda urgente"
NBEk "premiazko laguntza" eskatu die nazioarteko herrialdeei
Nazio Batuen Erakundeak, bestalde "premiazko laguntza sendoa" eskatu die nazioarteko herrialdeei Myanmarrentzat. "Aurretik ere, gatazkengatik eta sarritan jasan dituzten hondamendi naturalengatik, kolokan zegoen Myanmarreko egoera humanitarioa, eta berriro ere astinaldia jaso du herrialde horrek atzoko lurrikararen ondorioz", esan du NBEren Myanmarko koordinatzaile humanitario Marcoluigi Corsik.
Erreskate lanak Bangkoken
Bien bitartean, dozenaka langile ari dira erreskate lanetan Thailandian ere hondakin artean harrapatuta geratu diren pertsonen bila.
Bangkoken, ehunka pertsona ari dira eraitsitako eraikinen hondakinen artean bilatzen, eraikitzen ari ziren hiru eraikin behera etorri eta gutxienez 10 pertsona hil ostean.