Mundua -

Lurrikara

Zer dakigu Myanmarko lurrikaraz?

Ostiral honetan Myanmarren izandako lurrikarak dozenaka hildako eta ehunka zauritu eragin ditu. Gainera, Bangkok (Thailandia) ere astindu du, eta han ere izan dira hildakoak.

Infografia: EITB
Infografia: EITB

Infografia: EITB

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostiral honetan Myanmarren izandako lurrikarak, Richter eskalan 7,7 gradukoak, 200 hildako eta 700 zauritutik gora eragin ditu

Halaber, Bangkoken (Thailandia) ere intentsitate handiz sentitu da astindua; gutxienez 10 hildako, 16 zauritu eta 100 desagertu baino gehiago zenbatu dituzte bertan, eta kalte larriak eragin ditu azpiegituretan.

Horiek dira orain arte lurrikararen inguruan ezagun diren datuak, baina hildakoak ehunka izan daitezke, AEBko Geologia Zerbitzuak (USGS) egindako kalkuluen arabera. 

Zer ordutan eta non gertatu da lurrikara?

Dardara Myanmarren 12:50 zirenean gertatu da (06:20 GMT), mundu osoko jarduera sismikoa neurtzen duen USGSren arabera.

Non kokatu da epizentroa eta non sentitu da?

Lurrikara 10 kilometroko sakoneran gertatu da, eta Mandalaytik, Myanmarko bigarren hiri handienetik, 17 bat kilometrora izan du epizentroa. Mandalayk 1,2 milioi biztanle ditu, eta Naypyidaw hiriburutik 270 kilometro iparraldera dago.

Bangkoken eta inguruan ere nabaritu da, epizentrotik 600 kilometro baino gehiagora, baita Txina hegoaldeko Yunnan probintziako hainbat hiritan ere.

Erreplikarik izan al da?

7,7 graduko lurrikararen ostean, lau erreplika izan dira: 6,4 gradukoa lehena eta 4,6, 4,6 eta 4,5 gradukoak hurrengoak.

Zer kalte eragin ditu lurrikarak?

Myanmarren, Gurutze Gorriaren eta Ilargi Erdi Gorriaren Nazioarteko Federazioak jakitera eman duenez, kalte larriak izan dira azpiegituretan, eskualdean ezinbesteko komunikazio-bidea den zubi batean, besteak beste. Horrez gain, presa batean eragindako kalteen beldur dira.

Tokiko iturri humanitarioen arabera, eraikinak eta zubiak erori dira, baita montasterio bat ere, barruan gutxienez 20 ume zeudenean. Gehien kaltetutako eremuetan argindarrik gabe geratu dira.

Thailandian, hildakoez eta zaurituez gain, dozenaka pertsona desagertu dira Bangkoken, Chatuchak inguruan, eraikitzen ari ziren eraikin bat erori eta gero. 320 pertsona zeuden obretan zegoen eraikin horretan.

Txinan, kalteak txikiagoak dira, bi zauritu arin izan baitira.

USGSk ehunka hildako zenbatu ditu.

Zer lehen neurri hartu dituzte agintariek?

Myanmarko indar armatuek larrialdi egoera ezarri dute herrialdeko sei gunetan: Sagaing, Mandalay, Magway, Shan estatuko ipar-ekialdea, Naypyidaw eta Bago. Herritarrei odola eta osasun materiala premiaz emateko eskatu diete.

Gainera, Myanmarko batzorde militarrak premiazko laguntza eskatu dio nazioarteari, lurrikarak eragindako kalteen aurrean larrialdi egoera ezarri ostean.

Amnistia Internazionalak gogorarazi du Myanmarren hiru milioi desplazatu baino gehiago daudela, eta erakunde humanitario guztiei oztoporik gabe sartzen uzteko eskatu dio Armadari.

Paetongtarn Shinawatra Thailandiako lehen ministroak ere larrialdia ezarri du hiriburuan, eta hainbat etxebizitza eta bulego hustu dituzte.

Europar Batasunak adierazi du prest dagoela eragindako lurraldeetan laguntza emateko, eta Copernicus sateliteen sistema aktibatu du kalteen ebaluazioa egiten laguntzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Lurrikarak