Mundua -

UKRAINAKO GERRA

Putinek proposatu du Zelenski kargutik kentzea eta Ukrainan "behin-behineko" gobernua osatzea

Errusiako presidenteak Ukrainan NBEk eta AEBk babestutako "behin-behineko" gobernua eratzea defendatu du, hauteskundeak deitu eta gobernu berria osatu ondotik bakea lortzeko negoziazioak abiatu ahal izateko.

Vladimir Putin, Errusiako presidentea, artxiboko irudi batean
Vladimir Putin, Errusiako presidentea, artxiboko irudi batean

Vladimir Putin, Errusiako presidentea, artxiboko irudi batean

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vladimir Putin Errusiako presidenteak proposatu du Volodir Zelenski Ukrainako gobernuburua kargutik kentzea eta "behin-behineko" gobernua osatzea, hauteskundeak deitu eta bakea lortzeko negoziazioak abiatzeko.

Artikoko Murmansk hirira egin duen bisitan azaldu duenez, Ukrainako "behin-behineko" balizko gobernua NBEren, AEBren, Europako herrialdeen eta Errusiaren bazkide eta lagunen babesarekin eratuko litzateke. Horren esanetan, gobernu horren ardura litzateke hauteskundeak deitzea, gobernu "bideragarri" bat ezartzea eta bake akordiorako negoziazioak hastea.

Putinen arabera, gobernu berriarekin posible izango da "mundu guztiak aitortuko dituen dokumentu legitimoak" sinatzea. Behin-behineko gobernuarena aukera bat baino ez dela onartu du, baina gogora ekarri du aurretik Jugoslavia, Papua Ginea Berrian edo Ekialdeko Timorren aplikatu izan den eredua dela.

Errusiako gobernuburuak behin baino gehiagotan esana du Zelenskik ez duela bakea negoziatzeko zilegitasunik bere agintaldia iraungita duelako.

Ukrainako presidentea aukeratzeko hauteskundeak iazko maiatzean egitekoak ziren, baina Ukrainako gerra tarteko, ez ziren egin. Ondorioz, hauteskundeak egin bitartean, Zelenski izango da herrialdeko presidentea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatzen ari da munduan? Ukraina gaur Ameriketako Estatu Batuak Errusia albisteak Vladímir Putin albisteak NBE bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Donald Trump albisteak Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa Ukrainako presidentea