Mundua -
AEB filtrazioak
Etxe Zuriak onartu du "akatsa" egin zuela Yemenen aurkako erasoaren inguruko txatarekin
Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak ez du ikerketaren xehetasun berririk eman, baina Etxe Zuria "egoera honetan guztiz gardena" izan dela eta hala izaten jarraituko duela defendatu du.
Agentziak | EITB Media
Etxe Zuriak ostegun honetan onartu duenez, "akatsa" egin zuen Yemengo eraso militar baten planak txat batean eztabaidatzean, baina gai horren inguruan "oso gardena" izan dela aldarrikatu du.
"Inoiz ez dugu ukatu hori akatsa izan zenik. Mike Waltz Segurtasun Nazionaleko aholkulariak bere gain hartu zuen erantzukizuna, eta aldaketak ezartzen ari garela esan dugu", adierazi du Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak.
"Gaia ikertzen ari gara, berriro gertatuko ez dela ziurtatzeko", gaineratu du.
Jeffrey Goldberg The Atlantic aldizkariko editore buruak aste honetan argitaratu duenez, Mike Waltz Etxe Zuriko Segurtasun Nazionaleko aholkulariak Signal aplikazioko txat batean sartu zuen nahi gabe, eta elkarrizketa horrretan Administrazioko goi-funtzionarioak martxoaren 15eko Yemengo matxino huthien kontrako bonbardaketak prestatzen ari ziren.
Elkarrizketa horretan, Pete Hegseth Defentsa idazkariak erasoan erabiliko ziren ordu zehatzak eta armak eman zituen. The Atlantic-en arabera, informazio horrek operazioa zapuztu zezakeen, esku desegokietan erori izan balitz.
Polemikak eztabaida bizia piztu du, batetik, txat horretan partekatutako informazioa sailkatua izan zitekeelako eta, bestetik, goi funtzionarioek Signal bidez sentsibilitate handiko planak eztabaidatzearen egokitasunari buruz. Singnal mezularitzako aplikazio enkriptatu bat da, baina ez du AEBetako Gobernuak kontrolatzen.
Donald Trump presidenteak garrantzia kendu dio gaiari, eta segurtasun nazionaleko taldea defendatu du; Etxe Zuriak, berriz, The Atlanctic-eko kazetariaren aurka egin du, eta "Trumpen aurkako erreportari sentsazionalista" izatea leporatu dio.