Mundua -
Ukrainari buruzko goi-bilera
Macronen esanetan "bake-indar" bat egongo da Ukrainan, eta AEBren babesa "nahi" du
Boluntarioen Koalizioak Errusiari zigorrak mantentzea adostu du, baita Ukrainan misio militar franko-britainiar bat martxan jartzea ere, "bakeari eusteko" eta azpiegitura gakoak babesteko 20.000 soldadu bidalita. Helburu bakarra Errusia Ukrainaren aurkako eraso berriak egitetik aldentzea da.
Agentziak | EITB Media
Europak Errusiari ezarritako zigorrei eutsiko die, eta "bake-indar" bat jarriko du martxan Ukrainan, Erresuma Batua eta Frantzia buru dituela (herrialde gehiago batzeko aukerarekin). Hauek dira gaur Errusiaren aurkako gerran Ukraina babesten duten liderren goi-bileran hartutako erabakietako bi.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak dituta, Errusiaren aurkako gerran Ukraina babesten duten herrialdeetako buruzagiak Parisen bildu dira ostegun honetan, babes horri nola eutsi eztabaidatzeko, bai borrokaldietan, bai bake plan bat adosten denerako, eta epe luzerako. Europako 27 herrialdetako agintariek hartu dute parte, besteak beste, Alemaniako, Erresuma Batuko eta Espainiako gobernuburuek, NATOko eta EBko arduradun nagusiek, Turkiako presidenteordeak eta Kanadako eta Australiako ordezkariek.
Bilera amaitu ostean hasi dira Martxoaren 2an Londresen osatutako 'Boluntarioen Koalizioak' gaur hartutako erabakiak eta aurreikusitaok pausoak argitzen.
Hain zuzen ere, Frantziako presidenteak iragarri du Frantziak eta Britainia Handiak elkarrekin egindako misio militar bat Ukrainara joango dela laster, balizko "bake-indar" bat hedatzeko aukerak bertatik bertara aztertzeko. Misio militar horrek, halaber, Ukrainako arduradunekin aztertuko du herrialde horretako Indar Armatuen diseinua, Macronek azaldu duenez.
Hala ere, Macronek adierazi du gaur Parisen bildu diren 31 herrialdeen artean ez dagoela misio horren gaineko "adostasunik". Herrialde batzuek "ez dute ahalmenik" eta beste batzuek ez dute barne-adostasun politikorik, azaldu du Macronek, baina, ziurtatu duenez, ez da beharrezkoa denak ados egotea eta "Europako hainbat herrialdek bidalitako bake-indar bat" egongo dela baieztatu du.
Era berean, AEBren babesa "nahi" duela adierazi du Macronek. Hala ere, Eliseoko goi-bileraren aurretik Donald Trump presidentearekin telefonoz hitz egin duen arren, ez du zehaztu gai zehatz hori jorratu duen ala ez.
Macronek eta Starmerrek berretsi dute bakeari eusteko indarra izango dela, eta helburu bakarra Errusia Ukrainaren aurkako eraso berriak egitetik aldentzea dela. Erresuma Batuko iturri diplomatikoek adierazi dutenez, aliatuek 20.000 soldadu inguru bidaliko dituzte eta azpiegitura estrategikoak babestuko dituzte.
Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak 'Boluntarioen Koalizioa' osatzen duten gobernuetako buruzagien babesa helarazi dio berriz Ukrainiako presidenteari eta, adierazi duenez, "argi dago Errusia (bakea) atzeratzen saiatzen ari dela". Era berean, azaldu duenez, bileran parte hartu dutenen artean "argi geratu da, oraingoz, ez zaiola Errusiari zigorrik kendu behar".
"Aitzitik, aztertzen ari gara nola handitu ditzakegun zigor horiek AEBren su-etenerako ekimena babesteko eta Errusia negoziazio-mahaira presio handiagoarekin esertzeko".
Zigorrei buruz aritu da Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea ere, zeinak eskatu duen "gerra amaitu arte Errusiari zigorrik ez kentzea". Ukrainako buruzagiak Errusiak negoziazioetan dituen asmoez ez fidatzeko adierazi du, "mundu guztiak baitaki ez duela bakerik nahi", eta aliatuek Moskuri presioa egiteko "ahots bakarrarekin hitz egitearen garrantzia" azpimarratu du.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak adierazi duenez, "Errusiaren gaineko presioari eutsi behar zaio. Oso argi geratu da zigorrei eutsi behar diegula. Bake bidezko akordio iraunkorra nahi dugu. Hori da helburua", adierazi du Von der Leyenek sare sozialetan zabaldutako bideo batean.
Bilera "oso ona" izan dela esan du, eta Ukrianaren aldeko "Boluntarioen Koalizioa handiagoa, indartsuagoa eta oso ausarta" dela gaineratu du.
Europako Kontseiluko presidente Antonio Costa portugaldarrarentzat, "Errusiaren gaineko presioari eutsi behar zaio zigorren bidez", hori baita, bere esanetan, "Ukrainari laguntzeko modurik onena".