Mundua -

EUROPAKO ESTRATEGIA

Biziraupen-kita, lankidetza zibil-militarra eta ikastaroak eskoletan: EBren estrategiaren zenbait gako

EBk gaur aurkeztu duen planaren helburua da edozein eratako krisiren aurrean herritarrak "babestuta" izatea eta gizartearen jarduna ez etetea.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hainbat iturrik atzo aurreratu bezala, Europar Batasunak (EB) herritarrei eskatu die hornigaiak izan ditzatela etxean, gutxienez 72 orduan bizirauteko, gerra, klima-larrialdi, zibereraso edota pandemia bat baletor. Bruselak argi baitu, lehenago edo geroago, iritsiko dela halakorik.

'Batasunaren Prestaketa Estrategia' goiburua duen dokumentuaren edukia ezagutarazi du gaur, ohar bidez, Ursula Von der Leyen EBren presidenteak. Bertan zehaztu du "Europak beste maila bateko prestakuntza" behar duela, agertoki berrietara egokitutakoa. Hori horrela, erantsi du herritarrek, enpresek zein estatu kideek "erreminta berriak" behar dituztela, hondamendi baten aurrean "erantzun azkar" bat emateko gaitasuna izan dezaten. Adibide gisa jarri du uholdeak izateko arriskua handia den eremuetan bizi diren familiek jakin behar dutela "urak gainezka noiz" egingo duen, eta suteak dauden lekuetan "alerta-sistema eraginkorrak" behar direla, "denbora ez galtzeko". 

Von der leyenen iritzian, mentalitate aldaketa bat behar du Europak, eta erreakziotik proakziora igaro. Horretarako, aurreratu du Europa mailako krisi batzorde bat sortuko dutela urte amaierarako. Estrategiak partekatua izan behar duela sinetsita, gaur aurkeztutako dokumentua estatu kide guztientzako bide-orria izatea da asmoa. Krisialdien aurreko erantzunetan "zatiketa saihestu" nahi da.

Batetik, gatazka geopolitikoen ondorioz herrialdeen arteko tentsioa areagotzea, zibererasoak edota informazioaren manipulazioa aipatu ditu EBren buruak estrategiaren ernamuina azaltzeko, baina erantsi du klima-aldaketak berekin ekarriko dituen "hondamendi naturalak" ere aintzat hartu behar direla. Haren hitzetan, helburua da edozein eratako krisialdien aurrean herritarrak "babestuta" izatea eta gizartearen jarduna ez etetea. 

30 ekimen

Orotara, 30 ekimen zehatz biltzen ditu planak eta horiek koordinatuko dituen zeharkako ekintza-plan bateratu bat ere bai, EBko politika guztiei eragingo liokeena. "Biztanleria prestatzea" da ardatza, eta horren barruan kokatzen da gutxienez hiru egunean inoren laguntzarik gabe bizirauteko kita etxean izateko gomendioa.

Oraingoz, ez dute zehaztu kit horretan izan beharreko produktuak zeintzuk diren, baina bai elikagaiak, ura eta sendagaiak izatea komeni dela. Azken horiei dagokienez, estatu kideen eskumena izango da beharrezkoak diren sendagaiak izendatu eta preskribatzea.

X sare sozialean zabaldutako mezu batean, Hadja Lahbib Krisien Kudeaketarako eta Prestakuntzarako Europako komisarioak biziraupen-kitak nolakoa beharko lukeen azaldu du, umoretik: linterna bat, nortasun agiriak, ura, edaria, dirua eta mugikorraren kargagailua erakutsi ditu.

Era berean, hezkuntza-zentroetan ikasleei krisiei aurre egiteko ikastaroak ematea ere proposatzen da planean, eta horrekin lotuta, 'EBren Prestaketa Eguna' delakoa ezartzea eskoletan.

Bestalde, krisi egoeretan ospitaleak, eskolak, garraioa eta telekomunikazioak eta bestelako zerbitzuak babesteko prestakuntza nabarmendu du Von der Leyenek argitaratutako dokumentuan, beste puntuen artean. "Gutxieneko irizpideak" zehaztea eta zerbitzu horien funtzionamendua bermatzeko "oinarrizko materiala eta ekipamenduak" erreserban izatea eskatzen da.

Koordinazio zibil-militarra

Hondamendi natural, gerra edota zibererasoen aurrean "koordinazioa hobetzeko", EBko Krisietarako Zentroa eratuko da: herrialdeen baliabideak partekatu eta optimizatzeaz gain, lankidetza zibil-militarra ere sustatuko du erakunde horrek.

Zehazki, armaden, babes zibilerako taldeek, poliziek eta osasun-zerbitzuek elkarlanean jardutea da helburua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Eguneko albisteak Albisteak Europako Parlamentua