Mundua -
Negoziazioak Saudi Arabian
Moskuk eta Kievek Itsaso Beltzean "nabigazio segurua" lortzeko pausoak ematea adostu dute, AEBren arabera
Ukraina eta Errusia ados daude Itsaso Beltzean "nabigazio segurua" lortzeko urratsak emateari dagokionez, eta "indarraren erabilera amaitzearen" aldekoak dira, iragarri du Washingtonek Saudi Arabian bi aldeekin izandako azken elkarrizketen laburpenean.
Agentziak | EITB media
Ukrainako eta Errusiako gobernuak ados daude Itsaso Beltzean "nabigazio segurua" lortzeko eta "indarraren erabilera amaitzeko" pausoak emateari dagokionez, Ameriketako Estatu Batuetako Administrazioak gaur iragarri duenez.
Donald Trump AEBko presidentearen ustez, "ezinbestekoa" da "Errusia-Ukraina gatazkako bi aldeen heriotzak geldiaraztea", gatazkaren konponbide "iraunkorra" lortzeko "beharrezko urratsa" baita, Etxe Zuriak gaur zabaldutako oharraren arabera.
Washingtonek "negoziazioak errazten jarraitu" nahi du, eta bat dator Errusiarekin eta Ukrainarekin akordio zehatzak lortzeko harremanetan jarraitzeko beharrarekin, baina oraingoz ez Moskuk ez Kievek ez dute beste konpromisorik hartu, negoziazio-mahaian eserita jarraitzea baino ez.
Gariaren eta garagarraren esportazioa
Epe laburreko helburuetako bat Itsaso Beltzean zehar garia eta garagarra esportatzea errazteko akordioa berrezartzea izango litzateke, eta, zentzu horretan, Errusia eta Ukraina ados egongo lirateke "indarraren erabilera bukatzeko" eta "helburu militarrekin itsasontzi komertzialak erabiltzea galarazteko", AEBk igorritako ohar ofizialaren arabera.
Energia azpiegituren aurkako erasoak
Halaber, mugaren bi aldeetan energia azpiegituren aurkako erasoak debekatzeko "neurriak adostea" espero dute. Errusiako eta Ukrainako agintariek, hain zuzen ere, elkarri leporatu diete horrelako guneak azken egunotan behin eta berriz bonbardatzea.
Presoen trukeak eta haurren itzulera
Ukrainako ordezkaritzak, halaber, gerrako presoen trukeekin jarraitzearen eta Errusiara "behartuta" eramandako haurren itzulera lortzearen alde egin du.
Errusiari merkatu globalera berriz sartzen laguntzea
Bestalde, negoziazio prozesu horren baitan, Trumpen Gobernuak konpromisoa hartu du Errusiari "laguntzeko" merkatu globalera berriz sartzen; hala nola, nekazaritzako produktuei eta ongarriei, eta ondasun horiek portuetan sartzea eta salerosketen ordainketa bermatzeko sistemak erraztea, azken urteetan ezarritako zigor ekonomikoak atzean utziz.