Mundua -
Ukraina-Errusia gerra
Errusiak eta AEBk asteartean emango dituzte 12 orduko bileraren xehetasunak
Riaden, Saudi Arabiako hiriburuan, bildu dira bi ordezkaritzak Errusiaren eta Ukrainaren arteko su-etena lortzea helburu hartuta. Errusiako ordezkariak itxaropentsu agertu dira egunean zehar egin dituzten atsedenaldietan.
Agentziak | EITB Media
Errusiako eta Estatu Batuetako ordezkariek hamabi orduren ondoren amaitu dute Ukrainako gerrari buruz Saudi Arabiako hiriburuan, Riaden, egin duten bilera. Bilera amaitu ostean Errusiako hedabideek adierazi dutenez, Mosku eta Washington ados jarri dira adierazpen bateratu bat egin eta bertako edukiari dagokionez. Baina jakinarazi dute xehetasunak bihar, asteartea, emango dituztela.
Bilerak iraun duen bitartean, hainbat geldialdi egin dituzte negoziazio mahaian zeudenek atseden hartu eta euren herrialdeetako arduradunekin hitz egin zezaten. Horietako batean, Grigori Karasin diplomazialari errusiarra itxaropentsu agertu da, baina ez du zehaztu zein gai zehatzi buruz hitz egin duten. "Punta-puntako gaiei buruzko eztabaida interesgarriak izaten ari gara", esan dio Interfax agentziari.
Horrez gainera, argitu du negoziaziook ez dutela "ezinbestean akordio handi batekin" zertan amaitu. "Garrantzitsuena kontaktua mantentzea eta bestearen ikuspuntua ulertzea da, eta hori lortzen ari gara", zehaztu du.
Astelehen honetan Kremlinek argi utzi du Errusiaren lehentasuna Itsaso Beltzean dabiltzan ontzien segurtasuna bermatzea dela. Estatu Batuek, ordea, "su-eten baterako oinarriak" jartzea dutela helburu esan dute egunotan.
Ukrainako presidente Volodymyr Zelenskyk Telegrameko bere kontuan baieztatu du Ukrainako ordezkaritza Estatu Batuetakoekin batzartuko dela, bigarrenek Errusiarekin bilera amaitu ondoren, eta adierazi du bileran ondutakoari buruzko "txosten bat" espero duela.