Mundua -

GAZa ERASOEPAN

Gazan su-etena berrezartzeko proposamena aurkeztu du Egiptok

Hamasi bahituen egoerari buruzko informazio xehea ematea eskatzen zaio proposamenean, eta trukean, Israelgo Armadako soldaduak Gazako Zerrendatik alde egiten hasiko dira.

Gaza, azken egunotako argazki batean. Argazkia: EFE
Gaza, azken egunotako argazki batean. Argazkia: EFE

Gaza, azken egunotako argazki batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazan su-etena berrezartzeko proposamen berria jarri du mahai gainean Egiptok. "Egiptok egindako proposamen berria dute mahai gainean aldeek (Israel eta Hamas). Kairon egingo diren negoziazioetan parte-hartzea zabaltzea espero da, eta akordioa bizkortzea", esan dio EFE agentziari, negoziazioen gertuko iturri batek.

Hamasi bahituen egoerari buruzko informazio xehea ematea eskatzen zaio proposamen berrian: zenbat bahitu geratzen diren bizirik, hildakoen gorpuak non dauden eta zaurituen egoera zein den. Informazio zehatza argazki eta guzti eman beharko luke talde islamiarrak.

Era berean, Israelgo Armadak erasoak bertan behera utzi eta soldaduak Gazako Zerrendatik ateratzeko prozesua abiatu beharko luke. Agertoki horretan, bahituak askatzeko egutegia adostuko lukete bi aldeek.

Aipatutako iturriak zehaztu du azken orduotan Egiptoko bitartekariek areagotu egin dituztela negoziazioak Israelen, Hamasen eta Estatu Batuen ordezkariekin, eta ziurtatu du guztiek dutela jada azken proposamenaren berri. Antza, Hamasek eta AEBk oniritzia eman diote planari.

Joan den astean Israelek Gazarako su-etena bertan behera uztea erabaki zuenetik, 700 palestinar baino gehiago hil dituzte soldadu israeldarrek.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Egipto Ekialde Hurbila