Mundua -
Ekialde Hurbila
Gazatik alde egin nahi duten palestinarren irteera kudeatzeko agentzia bat sortzea onartu du Israelek
Bestalde, EBren Atzerri Politikako goi ordezkari Kaja Kallasek Israel eta Palestina bisitatuko ditu bihartik aurrera, eta bi herrialde horietako buruekin bilduko da Gazako sarraskiaz hitz egiteko eta su-etenaren nahiz laguntza humanitarioaren beharra azpimarratzeko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Israelgo Ministro Kontseiluaren Segurtasun Kabineteak egoki jo du Gazako Zerrendatik beste herrialde batzuetara ihes egin nahi duten palestinarren irteera kudeatzeko agentzia bat sortzea.
Israelgo Defentsa Ministerioaren menpe egongo da, eta beste erakunde ofizial batzuen ekintzak koordinatuko ditu: Indar Armatuenak, Shin Bet zerbitzu sekretuena edo Poliziarena, esaterako.
Gainera, nazioarteko erakundeekin komunikatzeko eskumena izango du, "gazatarren irteera segurua eta kontrolatua prestatzeko", Katz Defentsa ministroak berak proposatu duenez.
Hartara, ibilbide ezberdinak proposatuta, Gazatik atera nahi dutenen irteera segurua bermatu behar du, eta kontrolak ezarri behar ditu mugako herrialdeetara oinez doazen gazatarrak "zaintzeko".
EBko diplomaziaren buruak Israel eta Palestina bisitatuko ditu