Mundua -
Turkia
Ekrem Imamoglu Istanbulgo alkateari behin-behineko espetxealdia ezarri diote
Azken egunetan, protesta oldea izan da herrialde osoan, Imamogluren atxiloketaren ondorioz.
Agentziak | EITB Media
Istanbulgo auzitegi batek behin-behineko espetxealdia ezarri dio Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen aurkari nagusia den Ekrem Imamoglu Istanbulgo alkateari. Azken egunetan, protesta oldea izan da herrialde osoan, Imamogluren atxiloketaren ondorioz.
Behin-behineko espetxealdia ustelkeria eta eroskeriarekin lotutako akusazioengatik ezarri diote epaileek. Bestalde, talde terrorista bati (gerrilla kurdua) ustez laguntzeagatik ez diote neurririk ezarri.
Asteazken goizean atxilotu zutenetik protesta ugari izan dira, eta ez bakarrik Istanbulen, baita beste hainbat hiritan ere. Ehunka mila pertsona manifestatu dira kaleetan, Erdogan presidentearen aurkari bat ezabatzeko epaiketa politiko bat dela esanez.
Imamogluren alderdiak, CHP sozialdemokratak, iragarri zuen alkategai aurkeztuko duela berriro Imamoglu 2028rako aurreikusita dauden hauteskundeetan. Oposizioak, ordea, hauteskundeak aurreratzeko eskatu du.
Igande honetan bertan, bozketa sinbolikoa egin dute Turkia osoan. CHP alderdiaren afiliatu eta jarraitzaileek Imamogluren izena duen boto-paper bat sar dezakete hautetsontzi batean, alkateari babesa erakusteko.
Turkiako Gobernuak alkate kargutik kendu du Imamoglu
Turkiako Barne Ministerioak iragarri du Istanbulgo alkatea kargutik kendu dutela, nahiz eta ez duten Alkatetzan esku hartu, eta funtzionario bat jarri dute haren ordez. X sare sozialean argitaratutako ohar batean, Ali Yerlikayak zuzendutako ministerioak aurreratu du "behin-behineko neurria dela, Konstituzioaren 127. artikuluari jarraikiz".
Espetxeratutako alkateak "demokraziaren kontrako kolpea" eraistea eskatu du
Imanogluk, bestalde, nazioari galdegin dio "demokraziaren kontrako kolpeari" buru egin diezaiola. "Nazio maitea, ez galdu sekua itxaropena. Guztion artean erraustu dezagun demokraziaren aurkako kolpe hau, orban beltz hau", idatzi du X sare sozialean.
Bere alderdiak borrokari eusteko deia egin du
CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoak jarraitzaileei eskatu die protestatzen jarrai dezatela. "Segi borrokan", esan dute X sarean.
DEM alderdi kurduaren esanetan, bestalde, "estatu-kolpea" da gertatutakoa. Talde horretako presidentekideek Imamogluren espetxe-zigorra gaitzetsi dute, Turkiako justiziaren eta demokraziaren kontra doala iritzita.