Mundua -

Israel-Libano

Gutxienez sei hildako eta dozenaka zauritu Israelek Libano hegoaldean egindako erasoetan

Israelek hamabost bat eraso egin ditu Libano hegoaldeko herrixken aurka, handik Israelgo iparraldera hiru suziri jaurti ostean. Hezbollahk ukatu egin du jaurtiketa horietan parte hartu izana, eta FINULek lasaitasunari eusteko deia egin du.

Libano hegoaldea bonbardatu du Israelek. Argazkia: Europa Press
Libano hegoaldea bonbardatu du Israelek. Argazkia: Europa Press

Libano hegoaldea bonbardatu du Israelek. Argazkia: Europa Press

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez sei pertsona hil eta hogeita hamar bat zauritu dira larunbat honetan Israelek Libano hegoaldean egindako erasoetan, arabiar herrialdearen hegoaldetik Israelen aurka suziriak jaurtiz egindako erasoei erantzunez, Libanoko Defentsa Zibilak jakitera eman duenez.

Libanoko Osasun Ministerioaren arabera, erasorik larriena Tulin hirian izan da: "Bost pertsona hil dira, tartean neskato bat, eta hamaika zauritu, bi mutiko barne".

Israelek hamabost bat eraso egin ditu Libano hegoaldeko herrixken aurka, Libanotik Israelgo iparraldera hiru suziri jaurti ondoren, azaroaren 27ko su-etenaz geroztik lehen aldiz.

NNA Libanoko albiste-agentzia nazionalaren arabera, Israelgo Armadak "hainbat eraso" egin ditu "Libanoko eremuetan"; besteak beste, "Tulin herrian etxebizitza bati egin dio eraso, eta hainbat zauritu eta bi hildako eragin ditu".

Tulin ez ezik, Al Jabur, Mlita, Kfar Kila eta Sajd hiriak ere bonbardatu Israelek, baita Tiro, Harfa eta Al Jbeen hiriak ere.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak eta Israel Katz Defentsa ministroak agindu dituzte erasook gaur goizean, Armadak Libanotik iritsitako hiru suziri atzeman ostean. Metulan (Israel), mugatik 150 metrora, aireko erasoak iragartzen dituzten alarmak entzun dira. 

2024ko azaroaren 26tik, Israelen eta Hezbollahren arteko su-etena indarrean sartu aurreko egunetik, lehen aldiz entzun dira Israelgo iparraldean alarmak Libanotik egindako eraso baten ondorioz. 

Hezbollahk ukatu egin du erasoetan parte hartu izana

Hezbollah milizia xiitak ukatu egin du Israelgo lurraldera iritsi diren suziri horiek berak jaurti izana

Lehenik Libanoko LBCI katean eta ondoren Al Jazeeran, Hezbollahko "goi arduradun" batek esan du taldeak ez duela zerikusirik izan Metulako komunitate israeldarraren aurka egindako erasoekin, eta hala jakinarazi diela Joseph Aoun Libanoko presidenteari eta Nawaf Salam herrialdeko lehen ministroari.

Iturri berak berretsi du Hezbollahk Libanoko su-etenari eusteko konpromisoa duela, eta indarkeriaren gorakadaren aurka dagoela berretsi du.

FINULek lasaitasunerako deia egin du

Nazio Batuen Erakundeak Libanon duen bake misioak (FINUL) lasaitasunerako deia egin du larunbat honetan. 

Libanoko agintariak gertatutakoa ikertzen ari diren bitartean, FINULek egiaztatu du "lau suziri jaurti dituztela 07:30 inguruan Libanotik Israelera, eta Metulatik gertu erori direla".

"Alde guztiei eskatzen diegu ez jartzeko arriskuan lortutako aurrerapenak, batez ere zibilen bizitza eta azken hilabeteetan ikusi dugun egonkortasun ahula arriskuan daudenean", gaineratu du NBEren misioak ohar batean.

"Egoera ezegonkor hau okertzeak ondorio larriak izan ditzake eskualdearentzat", erantsi du, eta ohartarazi du "egoerak oso ahula izaten jarraitzen duela".

"Bi aldeei konpromisoak betetzeko deia egiten diegu", azpimarratu, eta kideek lanean jarraitzen dutela berretsi du. 

2024an indarkeriak gora egin zuen hainbat hilabetez, Israelek Libanoko hainbat punturen aurka aireko eraso gogorrak egin eta hegoaldeko mugatik lurreko tropak sartu ondoren. Azaroan, ordea, Hezbollahk eta Israelek su-etena egiteko akordio bat sinatu zuten, eta azaroaren 27an sartu zen indarrean, 60 egunetarako. Urtarrilaren 26an utzi zion indarrean egoteari.

Hala ere, su-etena otsailaren 18ra arte luzatzea adostu zuten, eta Israelgo Armadak herrialdearen hegoaldean okupatutako ia lurralde guztietatik erretiratu ziren, nahiz eta Libanoko bost muinotan jarraitzen duen, akordioak urratuz, eta unean-unean Iranen aliatua den talde xiitari lotutako helburuei eraso egiten jarraitzen duen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Libano Benjamin Netanyahu