Mundua -
KLIMA-LARRIALDIA
Planetaren Orduak mundu osoko eraikin esanguratsuenetako asko itzaliko ditu gaur
Euskal Herrian hainbat erakunde eta enpresak iragarri dute bat egingo dutela 20:30etik 21:30era klimaren alde egingo den ekintza sinbolikoan.
agentziak | eitb media
World Wildlife Fundek (WWF) edo Munduko Natura Funtsak sustatutako Planetaren Ordua ekimenak mundu osoko hamaika eraikin esanguratsu itzaliko ditu, klima-larrialdiaren aurkako neurriak eskatzeko. Hala, milaka hirik iragarri dute jada monumentu eta eraikinetako argiak itzaliko dituztela 20:30etik 21:30era.
Hori dela eta, besteak beste, hauek itzaliko dituzte: New Yorkeko Nazio Batuen Erakundearen egoitza, Sydneyko opera, Brandenburgoko atea, Eiffel dorrea, Kristo Erredentorea eta Akropolia.
Ohiko itzalaldiaz gain, WWFk mural handi bat osatzeko deia egin die herritarrei, enpresei eta erakundeei sare sozialetan leku gogokoenen argazkiak #BiggestHourForEarth! traolarekin partekatuz.
"Sekula ez da horrenbeste egon jokoan. Iazkoa izan zen inoizko urte beroena, eta hamarkada beroenari eman zion amaiera, itsasoan inoiz neurtutako tenperatura altuenak izan dituena. Baso sute, ekaitz eta lehorte historikoen lekuko ere izan gara. Gure mundua arriskuan dago, eta mugarri klimatiko arriskutsuetara gerturatzen ari gara oso azkar", adierazi du Kirsten WWF Internationalen zuzendari nagusiak.
Euskal Herrian, hainbat erakundek egin dute bat ekitaldiarekin. Hala, Arabako Foru Aldundiak iragarri du Foru Jauregiko, Arte Ederren Museoko, Ogasunaren eraikineko eta Probintzia Plazako argiak itzaliko dituela. Gasteizko Udalak udal eraikinaren aurrealdeko argiak itzaliko ditu, eta baita Plaza Berrikoak, Andre Maria Zuriaren Plazakoak eta San Migel dorrea ere.
Gipuzkoan, Donostiak udaletxea, Miramar jauregia, Artzain Onaren katedrala, Kursaal jauregia, Kontxako Badiako argiteria, Santa Klarako argiak, Urgull mendikoak eta elizak itzaliko ditu 20:30etik 21:30era.
Bizkaiko Batzar Nagusiek ordubetez itzaliko dituzte egoitza guztiak, eta Bilbon, besteak beste, udaletxea, Begoñako Basilika, San Vicente eliza, Aznar eraikina, San Agustin eraikina eta Arriaga antzokia itzaliko dituzte.
Enpresen munduan, Eroskik ere iragarri du bat egingo duela ekimenarekin "itzalaldi sinbolikoa" eginez, eta denda batzuetako eta plataforma logistikoetako errotuluak itzaliko ditu.