Mundua -
Mosku
Errusiak Mendebaldeari leporatu dio Ukrainak egindako giza eskubideen urraketak "alboratzea"
Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak salatu du Ukraina dela "Nazio Batuen hizkuntza ofizialetako bat", errusiera, debekatzen duten "munduko herrialde bakarra", eta Mendebaldeko estatuak horren aurrean "isilik" daudela.
Agentziak | EITB Media
Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak kritikak egin dizkie Mendebaldeko potentziei, Venezuelak, Iranek edo beste estatu batzuek giza eskubideak urratzen dituztenean "ahotsa altxatzeagatik" baina Ukrainako agintariek oinarrizko eskubideak urratzen dituztenean "isilik" egoteagatik.
"Mendebaldearen arreta deitzen dugu, Venezuelan, Ipar Korean, Iranen, Indian edo Saudi Arabian, ia edozein herrialdetan, giza eskubideez kexatzen direlako (...) Baina Ukrainari dagokionez, giza eskubideak ez dira aipatu ere egiten", kritikatu du Lavrovek.
Errusiako ministroak salatu du Ukrainako Gobernua dela "Nazio Batuen hizkuntza ofizialetako bat", errusiera, debekatzen duten legeak bultzatu dituen "munduko herrialde bakarra", eta horren aurrean Mendebaldeko estatuak, NBEko agintariekin batera, "isilik" daudela.
Bestalde, NBEko Idazkaritza Nagusia, orain Antonio Guterres portugaldarraren esku dagoena, "pribatizatu" egin dutela eta goi-mailako kargudun gehienak NATOko estatuen menpe daudela salatu du Lavrovek.
"Ez die lotsarik ematen aliantzako kide izateak, Nazio Batuen Gutunaren 100. artikuluaren aurka, horrek inongo gobernuren agindurik ez jasotzea eta inpartzialak izatea eskatzen baitie", aurpegiratu du Lavrovek, NBEri Errusiaren aurkari politiko eta militar nagusia den bloke atlantikoaren aginduak jarraitzea leporatuz.