Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
Trumpek "terroristatzat" jo ditu Teslaren aurkako erasoak egiten dituztenak
"Agian El Salvadorko espetxeetara" eramango dituztela esan du AEBko presidenteak. Aste honetan, erasoak izan dira Teslaren kontzesionarioetan, Las Vegasen eta Kansas Cityn. Bestalde, Vancouverko Auto Erakustazokak Tesla ekitalditik kanpo utzi du, segurtasun arrazoiengatik.
Agentziak | EITB Media
Donald Trump AEBko presidenteak "terroristatzat" jo ditu Tesla ibilgailuak erre edo Elon Musken markako kontzesionarioei eraso dietenak, eta "agian El Salvadorko espetxeetara" eramango dituztela erantsi du.
Truth sare sozialean zabaldutako adierazpen batean, "Elon Muski eta Teslari egiten ari direnagatik matoi terroristei 20 urteko kartzela-zigorra ezarrita ikusteko irrikaz nago", esan du Trumpek.
"Baliteke El Salvadorko espetxeetara joatea, orain dela gutxi hain ospetsu bihurtu baitira bere baldintza xarmagarriengatik", gaineratu du Trumpek, Venezuelako Tren de Aragua erakunde kriminaleko ustezko kideak bertara bidaltzeko Nayib Bukeleren gobernuarekin egindako akordioari erreferentzia eginez.
Pam Bondi Ameriketako Estatu Batuetako fiskal nagusiak ostegunean iragarri zuenez, hiru pertsonaren aurkako karguak aurkeztu ditu, Tesla ibilgailuei, kontzesionarioei edo karga-estazioei su ematea egotzita.
"Honek abisu bezala balio dezala: Teslaren aurkako terrorismoaren olde honekin bat egiten baduzu, Justizia Departamentuak burdin hesien artean jarriko zaitu", esan zuen Bondik, Departamentuak zabaldutako ohar baten arabera.
Aste honetan, gainera, antzeko erasoak izan dira Las Vegasko (Nevada) eta Kansas Cityko (Missouri) kontzesionarioetan. The Washington Times egunkariak zabaldu duenez, FBI terrorismo gisa ikertzen ari da Las Vegasen gertatutakoa.
Tesla, Vancouverko erakustazokatik kanpo
Bestalde, martxoaren 19tik 23ra Vancouverren (Kanada) egingo den Automobilaren Nazioarteko Erakustazokak Tesla egitarautik kanpo utzi du, bertaratutakoen segurtasuna bermatzeko.
Azken egunotan protestak izan dira Kanadako zenbait lekutan Teslaren eta Elon Musken aurka. Oregonen, esaterako, Tesla kontzesionario baten eta bertan aparkatuta zeuden ibilgailuen aurka tiro egin zuten joan den astean, eta Teslaren zenbait karga-estazio erre dituzte Massachusettsen.