Mundua -

sute baten ondorioz, itxita

Heathrow aireportua zabalik da berriro, eta larunbatean normaltasuna berreskuratzea espero dute

Londresko aireportuak hegaldiak berriro martxan jarriko dituela iragarri du, azpiestazio batean piztutako sute baten ondorioz orduak itxita eman ondoren. Nahita piztutako sutea izatea baztertu dute suhiltzaileek. Aireportuak larunbatean normaltasuna berreskuratzea espero du.

Heathrow aireportua (Erresuma Batua). Argazkia: EFE
Heathrow aireportua (Erresuma Batua). Argazkia: EFE

Heathrow aireportua (Erresuma Batua). Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Heathrow Londresko aireportuak hegaldiak berriro martxan jarriko dituela iragarri du, azpiestazio batean piztutako sute baten ondorioz hainbat ordutan itxita egon ondoren. Larunbatean normaltasuna berreskuratzea espero dute.

"Gure langileek lan nekaezina egin dute gertakaria izan denetik, egoera lehenbailehen konpontzeko. Orain, hegaldiak segurtasunez berrabiaraz ditzakegu, aberriratzeari eta aireontziak birkokatzeari lehentasuna emanez", zabaldu dute aireportuko arduradunek X sare sozialean.

Goizaldean itxi dute, Hayesko azpiestazio elektriko batean izandako sutearen ondorioz "energia mozketa handia" izan baita.

"Aireportua hornitzen duen azpiestazio elektriko bateko sute baten ondorioz, Heathrow energia-mozketa handia jasaten ari da. Gure bidaiari eta lankideen segurtasuna bermatzeko, Heathrow itxita egongo da martxoaren 21eko 23:59ra arte", jakinarazi dute ohar baten bidez.

Flightradar24 hegaldien jarraipen zerbitzuak X kontuan emandako datuen arabera, 1.350 hegaldi baino gehiago (679 sarrera eta 678 irteera zeuden programatuta gaurko) geratu dira bertan behera, eta 200.000 bidaiariri eragin dio.

Heathrow Europako aireportu nagusietako bat da, eta guztira 83,4 milioi bidaiari izan zituen 2024an, marka berria.

Sutea Hayesko azpiestazioan. Argazkia: EFE

Sutea Hayesko azpiestazioan. Argazkia: EFE

Kaltetutako aireportuak

Euskal aireportuetan ez du eraginik izan gertaerak, Heathrow helmuga duen hegaldirik ez baitago planifikatuta gaurko.

Itxierak Espainiako Estatuko 54 hegaldiri eragiten die, eta horietatik 22 dagoeneko bertan behera geratu dira Madrilen eta Bartzelonan, Heathrow abiapuntu edo helmuga zutenak guztiak.

Aenak X sare sozialean jakinarazi duenez, Madrilen 10 hegaldi (5 iritsiera eta 5 irteera) geratu dira bertan behera; Bartzelonan, berriz, 12 (5 ziren hara iristekoak eta 7 ziren handik abiatzekoak).

Gainera, Adolfo Suarez Madril-Barajas aireportura 5 hegaldi desbideratu dituzte, Londrestik Lurmutur Hirira, Bermudara, Rio de Janeirora, Miamira eta Sao Paulora joan behar ziren hegaldiak, baita Lurmutur Hiritik Bartzelonara joan behar zuen beste bat ere.

Nahita piztutako sutea izatea baztertu dute

Londresko suhiltzaileek jakitera eman dutenez, badirudi Heathrow ondoko azpiestazio elektrikoan piztutako sutearen arrazoiak ez direla "susmagarriak", eta horrek, printzipioz, baztertu egingo luke erasoa egin izana.

Brigadak ohar baten bidez jakinarazi duenez, gertakariaren jatorria argitzeko suhiltzaileek eta Londresko Poliziaren Terrorismoaren aurkako Unitateak (MET) elkarrekin egindako ikerketak baieztatu duenez, "badirudi sua ez dela nahita piztutakoa".

Azpiestazioaren kokalekua eta gertakariak "azpiegitura nazional kritiko" batean izan duen eragina direla eta, Londresko Poliziak bere gain hartu zuen sutea ikertzeko ardura, baina eraso baten zantzurik ez zegoela erantsi zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Londres Ingalaterra