Mundua -

Erasoaldi berria

Israelek Armadari agindu dio Gazako erasoak eremu gehiagotara zabaltzeko eta leku horiek bereganatzeko

"Hamasek ez baditu bahituak askatzen, Israelgo Defentsa Indarrei aginduko diet Gazako erasoak leku gehiagotara zabaltzeko. Horretarako, gazatarrek beren bizilekuak utzi beharko dituzte, eta segurtasun eremuak ere zabaldu beharko dira, soldadu israeldarrak babeste aldera", esan du ohar batean.

Gazan egindako erasoetako baten irudia. Argazkia: EFE
Gazan egindako erasoetako baten irudia

Gazan egindako erasoetako baten irudia. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek Armadari agindu dio "zabal ditzala segurtasun eremuak" Gazako Zerrendan, eta heda ditzala tropak toki gehiagotara. Horren hitzetan, Hamasek 2023ko urriaren 7an bahitutako israeldar guztiak askatu arte, Israelek leku horiek bereganatuko ditu, asteartean berrabiarazitako erasoaldian. Egun horretan hautsi zuen Israelek talde islamistarekin hitzartutako su-etena.

"Hamas erakunde terroristak ez baditu bahituak askatzen, Israelgo Defentsa Indarrei aginduko diet Gazako erasoak leku gehiagotara zabaltzeko. Horretarako, gazatarrek beren bizilekuak utzi beharko dituzte, eta segurtasun eremuak ere zabaldu beharko dira, soldadu israeldarrak babeste aldera", esan du ohar batean.

"Zenbat eta burugogorrago jarri Hamas, orduan eta lurralde gehiago galduko ditu, Israelek bereganatuko baititu", ohartarazi du. Horrekin lotuta, asteartean hasitako operazioak indarrean jarraitzen duela adierazi du, eta erasoak areagotuko dituela, Israelek bahituak askatu arte.

Hartara, AEBk Ekialde Hurbilean duen bidali berezi Steve Witkofferen proposamenari eutsi diotela azaldu du. Horren arabera, "bahituak (bizirik daudenak zein hilda daudenak) bi fasetan askatu beharko dituzte, Israelen segurtasun interesak arriskuan jarri gabe".

Katzen esanetan, Israelen asmoa erasoak airetik, itsasotik zein lurretik areagotzea da, Hamas suntsitu arte, eta "bitarteko militar eta zibil guztiak baliatuko ditugu horretarako", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Ekialde Hurbila