Mundua -

KAOSA AIREPORTUETAN

Heathrow aireportua itxi dute sute batengatik: 1.300 hegaldi bertan behera eta 200.000 bidaiariri eragin dio

Heathrow aireportua erabat itxi dute gaur, eta "aldaketa nabarmenak" izango dira datozen egunetan, sute baten ondorioz. Itxierak ez die euskal aireportuei eragin, ez baitago Heathrow helmuga duen hegaldirik planifikatuta gaurko.

Sutea Heathrowen. Argazkia: Europa Press
Sutea Heathrowen. Argazkia: Europa Press

Heathrow Londresko aireportua itxi dute azpiestazio elektriko batean izandako sute baten ondorioz

0:40

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Heathrow Londresko aireportua egun osorako itxita egongo dela iragarri dute, Hayesko azpiestazio elektriko batean izandako sutearen ondorioz "energia mozketa handia" izan baita.

"Aireportua hornitzen duen azpiestazio elektriko bateko sute baten ondorioz, Heathrow energia-mozketa handia jasaten ari da. Gure bidaiari eta lankideen segurtasuna bermatzeko, Heathrow itxita egongo da martxoaren 21eko 23:59ra arte", jakinarazi dute ohar baten bidez.

Gainera, aireportura ez joateko eskatu diete bidaiariei, eta konpainiekin harremanetan jartzeko gomendatu diete, informazio gehiago lortzeko, Londresko Suhiltzaileen Sareak zabalutakoaren arabera.

Heathrow aireportuak ohartarazi du, gainera, "aldaketa nabarmenak" izango direla datozen egunetan, azpiestazio elektriko batean piztutako sutearen ondorioz.

Flightradar24 hegaldien jarraipen zerbitzuak X kontuan emandako datuen arabera, 1.350 hegaldi baino gehiago (679 sarrera programatu eta 678 irteera gaurko) geratuko dira bertan behera, eta 200.000 bidaiariri eragingo dio.

Kaltetutako aireportuak

Euskal aireportuetan ez du eraginik izan gertaerak, Heathrow helmuga duen hegaldirik ez baitago planifikatuta gaurko.

Londresko Heathrow helmuga duten Espainiako bost aireportutatik aireratzea aurreikusita zuten 54 hegaldiri eragingo die Erresuma Batuko aerodromoaren instalazioetan piztutako sute batek.

Hala jakinarazi du ostiral honetan Aena Espainiako aireportuen kudeatzaileak, eta kaltetutako bidaiariei euren airelineekin kontsultatzeko gomendatu die xehetasun gehiago jakiteko.

Zehazki, hauek dira kaltetutako hegaldiak: Madrilen jatorria duten 29, Bartzelonako 19, Malagako 2, Tenerife hegoaldeko 2 eta Valentziako 2.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Londres