Mundua -

Gerra komertziala

EBk muga-zergen aurkako neurrien aplikazioa atzeratu du AEBekin negoziatzeko

Horrela, Europako Batzordeak lehenengo neurrien aplikazioa apirilaren erdialdera arte atzeratzea erabaki du. Bestalde, EBZk ohartarazi du muga-zergek eta horien aurkako errepresaliek hazkundea murriztu eta inflazioa igo dezaketela.

Hanburgoko (Alemania) portua. Argazkia: PxHere
Hanburgoko (Alemania) portua. Argazkia: PxHere

Hanburgoko (Alemania) portua. Argazkia: PxHere

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordeak (EB) apirilaren erdialdera arte atzeratzea erabaki du AEBk aluminioaren eta altzairuaren Europako inportazioei ezarritako muga-zergei erantzuteko lehen neurrien aplikazioa, Washingtonekin irtenbide bat lortzeko negoziazioari tarte handiagoa emateko.

Batzordeak AEBko muga-zergei erantzungo ziela iragarri zuen, bi alditan, apirilaren 1ean indarrean sartzekoak ziren neurri batzuekin eta hilabete horren erdialdean beste batzuekin.

"Aldaketak egutegia apur bat moldatzea dakar, baina ez du gure erantzunaren eragina murrizten, EBk 26.000 milioi eurorainoko errepresaliak aplikatzeko prestatzen jarraitzen duelako", azaldu du Olof Gill Europako Batzrodeko bozeramaileak.

"Bien bitartean, EB prest dago Ameriketako Estatu Batuekin elkarrizketa konstruktibo bat abiatzeko, bi ekonomientzako beharrezkoak ez diren kalteak saihesteko irtenbide bat bilatzeko", gaineratu du.

EBZ: "Muga-zergek hazkundea murriztu eta inflazioa igo dezakete"

Bestalde, Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidenteak ohartarazi duenez, AEBk Europako inportazioei muga-zergak ezartzeak eta EBk aplikatzen dituen errepresaliek hazkundea bost hamarren murriztu eta inflazioa puntu erdi igo dezakete.

EBZren kalkuluen arabera, Europako inportazioei % 25eko muga-zerga batek Euroguneko hazkundea 0,3 puntu inguru murriztuko luke lehen urtean, eta EBk AEBko inportazioei muga-zergak handitzen badizkie, eragin hori puntu erdiraino igoko litzateke.

Europako Parlamentuko Ekonomia Gaietarako Batzordean egindako agerraldian, Lagardek azaldu du uste dutela hazkunde ekonomikoaren gaineko eragin handiena muga-zergen igoeraren ondorengo lehen urtean nabarituko litzatekeela, eta, ondoren, murriztu egingo litzatekeela, baina produkzio mailan ondorio txarrak utzita.

Egoera horretan, gainera, inflazioaren aurreikuspena egitea "asko zailagoa" izango litzateke, eta EBZren kalkuluen arabera, epe laburrera, EBren errepresaliek eta euroaren truke-tasa ahulagoak (AEBetan Europako produktuen eskari txikiagoren ondorioz) "inflazioa puntu erdi inguru igo dezakete".

Nolanahi ere, Lagardek espero du Bruselak eta Washingtonek "ahalegin handiak egitea muga-zergen ondorio negatiboak arintzeko edo, zorte apur batekin, saihesteko", AEBko ekonomiari ere eragingo lioketelako.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ameriketako Estatu Batuak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Merkataritza Europako Banku Zentrala