Mundua -

Ekialde Hurbila

Israelek lurreko erasoa zabaldu du Gazako Zerrendan, eta 500 hildako baino gehiago utzi ditu hiru egunean

Gazako Gobernuak adierazi duenez, orain arte 591 hildako eta 1.042 zauritu baieztatu dira, eta horietatik % 70 inguru emakumeak, haurrak eta adinekoak dira.

Azken hiru eguneko erasoek 200 haur hil dituzte, besteak beste. Argazkia: EFE
Azken hiru eguneko erasoek 200 haur hil dituzte, besteak beste. Argazkia: EFE

Israelek 70 palestinar inguru hil ditu Gazan egin dituen erasoetan

0:40

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelek lurreko operazioak abiatu ditu ostegun honetan Gazako Zerrendako iparraldeko kostaldean, Beit Lahia hiriaren inguruan, urtarrilean Hamasekin adostutako su-etena urratu ostean.

Lurreko erasoa baino lehen, Israelgo Armadak eremua bonbardatu du, "azpiegitura terroristak eta tankeen kontrako misilak jaurtitzeko Hamasen posizioen kontra".

"Gure indarrak Gazako Zerrenda osoan erasotzen ari dira une honetan, eta erakunde terroristen aurka jarduten jarraituko dute, Israelgo Estatuko herritarrei mehatxu oro ezabatzeko", adierazi du Armadak, Avichai Adrai bozeramaileak gazatarrei iparraldetik lurralde palestinarraren hegoaldera, edo alderantziz, ez joateko eskatu eta ordu batzuetara.

Izan ere, Israelgo Armadak erasoak Rafahera arte zabaldu ditu gaur, Zerrendako hegoaldean. "Azken orduetan, Israelgo Defentsa Indarrek lurreko operazio bat hasi dute Rafaheko Shabura auzoan. Ekintza horien baitan, tropek hainbat azpiegitura terrorista suntsitu dituzte", azaldu du Armada sionistak sare sozialetan.

Israelgo Armadak asteartean ekin zion berriro Zerrenda bonbardatzeari, eta orain arte 591 pertsona hil ditu, tartean 200 haur baino gehiago, eta ehunka zauritu utzi ditu. Bestalde, Abdulatif al-Qanu Hamasen bozeramaileak baieztatu duenez, Israelek Gazaren aurka egindako "erasoa gelditzeko" bitartekariekin "hitz egiten jarraitzen du", eta eskatu du "genozidioaren" aurrean palestinarrak "salbatzeko" eskualdeko herrialdeen "premiazko ekintzak" hartzea.

Zaher al-Waheidi Osasun Ministerioko hildakoen unitate zentralizatuaren buruak EFEri azaldu dionez, Israelgo erasoek 85 pertsona hil dituzte bart, eta 133, zauritu.

18 urtetik beherako haurrena da adin-tarte kaltetuena; izan ere, hiru egunean, gutxienez, 200 hildako utzi ditu Israelek (guztizkoaren % 39,6), baita 155 gizon hil ere (18-59 urte), 112 emakume eta, gutxienez, 39 adineko (60 urtetik gorakoak).

Gaurko zifrak kontuan hartuta, Israelek 2023ko urrian erasoaldia hasi zuenetik 49.600 pertsona baino gehiago hil ditu, eta 113.000 zauritu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina