Mundua -

UKRAINAKO GERRA

Zelenskirekin hitz egin ostean, Ukrainari buruzko elkarrizketak "bide onetik" doazela esan du Trumpek

"Zelenski presidentearekin telefonoz elkarrizketa bikaina izan berri dut", idatzi du AEBko agintariak bere sare sozialean. Ukrainako presidenteak urte honetarako "bake iraunkorra" lortzea espero duela adierazi du deiaren ondotik.

Zelesnki eta Trump Etxe Zurian egin zuten bileran. Artxiboko argazkia: EFE
Zelesnki eta Trump Etxe Zurian egin zuten bileran. Artxiboko argazkia: EFE

Zelesnki eta Trump Etxe Zurian egin zuten bileran. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko presidenteak esan du Ukrainako gatazka konpontzeko negoziazioa "bide onetik" doala, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin hitz egin ostean. Vladimir Putin Errusiako presidentearekin bezperan egindako deiaren berri eman dio Zelenskiri.

"Zelenski presidentearekin telefonoz elkarrizketa bikaina izan berri dut", idatzi du Trumpek Truth Social bere sare sozialean. Dei horrek ordubete iraun du, eta asteartean Putinekin izandako hartu-emanari buruz hitz egin dute, "Errusiaren eta Ukrainaren eskaerak eta beharrak bateratzeko".

"Bilerak gerraren amaierarako bidean aurrera egiten lagundu du", Karoline Leavitt Etxe Zuriaren bozeramaileak prentsaurrekoan adierazi duenez, Estatu Departamentuak eta Segurtasun Nazionalerako Kontseiluak Trumpen eta Zelenskiren arteko deia dela eta igorritako ohar batean oinarrituta.

Oharrak zehaztu duenez, ordubete inguruko deian, Trumpek Vladimir Putin Errusiako presidentearekin izandako 90 minutuko elkarrizketaren edukia "sakon" azaldu dio Ukrainako presidenteari.

"Zelenskik aireko defentsa gehiago eskatu du zibilak babesteko, bereziki Patriot misilak, eta Trump presidenteak berarekin lan egitea adostu du, indetifikatzeko Europan "zehazki zer dagoen eskuragarri", adierazi du AEBren agiriak.

Ukrainako presidenteak adierazi du urte honetarako "bake iraunkorra" lortzea espero duela, Trumpekin telefonoz hitz egin ostean. Trumpen "lidergoa" funtsezkoa da helburu hori lortzeko, erantsi duenez. Zelenskik azpimarratu du Trumpekin izandako elkarrizketa "positiboa eta mamitsua" izan dela.

Gainera, Zelenskik Trumpi adierazi dio prest dagoela su-eten partzial bat gauzatzeko, etsaiaren azpiegitura energetikoen eta zibilen aurka bi aldeek egindako erasoak eteteko.

"Gerra erabat amaitzeko lehen urratsetako bat Ukrainako energiaren eta beste azpiegitura zibil batzuen aurkako erasoak bukatzea izan daiteke. Urrats hori babesten dut, eta Ukrainak baieztatu du aurrera eramateko prest dagoela", idatzi du Zelenskik X sare sozialean.

Zelenskik mezuan gaineratu duenez, Kievek eta Washingtonek "su-eten partziala gauzatzearekin eta zabaltzearekin lotutako arazo teknikoak konpontzeko" lanean hasi dira.

Ukrainako presidenteak azaldu duenez, Kiev eta Washington prest daude Saudi Arabian elkarrekin berriro biltzeko (Washingtoneko eta Moskuko ordezkarien arteko bilera ere aurreikusita dago) datozen egunetan, "bakerako urratsak koordinatzen jarraitzeko".

Bestalde, EBk asteazken honetan adierazi duenez, Trumpen eta Putinen arteko telefono elkarrizketa Ukrainan "bake globala, bidezkoa eta iraunkorra lortzeko urratsa" izatea espero dute. Hala adierazi du Antonio Costa Europako Kontseiluaren presidenteak Bruselan egindako goi-bilera sozialaren osteko prentsaurrekoan.

Costak aurreratu du gaur bertan hitz egingo duela Ukrainako presidentearekin. Portugalgo lehen ministro ohiak nabarmendu duenez, EBk "lehen egunetik babestu du Ukraina, eta orain ere horretan jarraituko du, etorkizuneko negoziazioetan, eta bereziki, bake garaian, Ukraina estatu kide bihurtzen denean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak 2025 Ukraina Ameriketako Estatu Batuak Errusia bideoak Vladímir Putin albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Trump gaur Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa Zelenski gaur