Mundua -
SU-ETENAREN HAUSTURA
AEBk ontzat eman du Gazan su-etena haustea
Joan den urtarrilaren 19an Hamasekin adostutako menia hautsi eta, gutxienez, 322 palestinar hil ditu Israelek bart, Gazako Zerrendan egindako erasoetan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Estatu Batuek ontzat eman dute Israelek bart Gazarako su-etena haustea. Etxe Zuriak jakinarazi du bazuela Benjamin Netanyahuren Gobernuaren asmoen berri, Gazako Zerrendan erasoei berrekin aurretik, kontsulta egin ziolako.
"Trumpen Administraziori eta Etxe Zuriari kontsulta egin zion Israelek, Gazako erasoen berri emateko", azaldu du Karoline Leavitt Etxe Zuriko eledunak, Fox News hedabidean egindako elkarrizketa batean.
Halaber, Iran eta Yemengo huthiak ere izan ditu hizpide Leavittek, eta ohartarazi du Israel eta Estatu Batuak beldurtzea bilatzen duen orok "infernua" jasoko duela ordainetan. "Trumpek argi utzi duen bezala, Hamasek, huthiek, Iranek eta AEB eta Israel ikaratzea bilatzen duten guztiek ordaindu egingo dute: infernua", agindu du bozeramaileak.
Joan den urtarrilaren 19an Hamasekin adostutako menia hautsi eta, gutxienez, 322 palestinar hil ditu Israelek bart, Gazako Zerrendan egindako erasoetan.