Mundua -
ESTATU BATUAK
AEBk 200 preso venezuelar baino gehiago deportatu ditu El Salvadorrera, lege polemiko bat erabilita
Tren de Aragua Venezuelako talde kriminaleko ustezko kideak dira deportatu dituztenak. Trukean, El Salvadorrek 6 milioi dolar jasoko ditu AEBko Gobernutik, preso horiek urtebetez bere kartzeletan edukitzeagatik.
AGENTZIAK| EITB MEDIA
Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Gobernuak deportazioak areagotu ditu azken orduetan. Bere espetxetan preso zeuden Tren de Aragua Venezuelako talde kriminaleko usteko 238 preso El Salvadorrera deportatu ditu Atzerriko Etsaien Lege polemikoa erabilita.
Mugimendu hau egiteko, 1798ko lege bat atera baitu mahai gainera Donald Trump presidente estatubatuarrak, Bigarren Mundu Gerratik (1939-1945) inork aplikatu gabea. Lege horrek ahalmena ematen dio gobernuburuari terrorismo delitupean atxilotutako migratzaileak deportatzeko.
Dena dela, deportazio horien gaineko erabakia iragarri baino ordu batzuk lehenago, James Boasberg AEBko epaile federalak aipatutako legea erabiltzea debekatu egin zuen, beste bost venezuelarren deportazioaren inguruko auzian, eta agindua eman zuen debekua gainerako kasuetara zabaltzeko. Gutxienez, datozen bi astetan egongo da indarrean erabaki hori, eta, beraz, ikusteko dago azken orduotako deportazioen gainean eragina izango duen.
Nolanahi ere, debekuak debeku, atzo, Marco Rubio AEBko Estatu idazkariak eta Nayib Bukele El Salvadorreko presidenteak, bakoitzak bere sare sozialen bidez, ia aldi berean eman zuten preso venezuelarren deportazioen berri.
Rubioren arabera, "El Salvadorrek presoak bere kartzela bikainetan hartzeko konpromisoa hartu du bere gain, prezio duin baten truke". Kanporatuko dituzten presoak "atzerriko etsaiak" direla ere gehitu zuen. Bukele presidentearentzat, berriz, hitz onak baino ez zituen izan mezuan: "Degurtasun kontuetan buruzagirik sendoena gure lurretan, eta lagun handi bat".
El Salvadorrek 6 milioi dolar jasoko ditu AEBko Gobernutik, preso horiek urtebetez bere kartzeletan edukitzeagatik.
Atzerriko Etsaien Legeak eskumen zabala ematen dio presidenteari, herrialdetik jendea kanporatzeko. Gerra testuinguruan erabiltzeko diseinatu zen araua bere garaian. Lehen eta Bigarren Mundu Gerretan, migratzaile alemaniarrak, italiarrak, austriarrak edota japoniarrak atxilotzeko eta kanporatzeko erabili zen.