Mundua -
Deportazio masiborako plana
AEBk eta Israelek Sudanera, Somaliara eta Somalilandiara bidali nahi dituzte Gazako palestinarrak
Hala ere, Sudango agintariek dagoeneko uko egin diote Washingtonen eta Tel Aviven proposamenari. Somaliako eta Somalilandiako ordezkariek, aldiz, ez dute egitasmo polemikoari buruzko negoziazioen berririk.
Agentziak | EITB Media
Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek Gazako palestinarren deportazio masiborako plana aurrera eramateko asmoarekin jarraitzen dute, eta, horretarako, Afrikako ordezkariekin harremanetan jartzen saiatu dira, gazatarrak euren lurraldeetara bidaltzeko asmoz, Associated Pressek (AP) gaur jakitera eman duenaren arabera.
Zehazki, Donald Trumpen administrazioa eta Benjamin Netanyahuren gobernua Sudan, Somalia eta Somalilandiako ordezkariekin negoziatzen saiatu dira, Associated Pressek gaineratu duenez. Somalilandia nazioarteak aitortzen ez duen estatu bat da, baina Washingtonek leku estrategikotzat du.
Hala ere, Sudango arduradunek AEBren eta Israelen proposamena errefusatu dute dagoeneko, eta Somaliako eta Somalilandiako ordezkariek balizko negoziazioak zalantzan jarri dituzte, APren esanetan; izan ere, haien berririk ez dutela esan dute.
Hilabete honen hasieran, Arabiar Ligak Gaza berreraikitzeko Egiptoren egitasmoa (53.000 milioi dolar) babestu zuen, gazatarrek lurralde palestinarretik alde egin behar izatea saihestuko duena, AEBko presidenteak "Ekialde Hurbileko Riviera" bultzatzeko asmoa zabaldu badu ere.
AEBk Gaza kontrolatzea proposatu zuen Trumpek, bere lehergailuek suntsitutako lurraldea berreraikitzeko. Izan ere, Israelek azken 17 hilabeteetan egindako eraso etengabeen ondorioz dozenaka mila pertsona hil dira. Nazioartearen gehiengo zabal batek Trumpen plana gaitzetsi du.
Israelen erasoek ez dute etenik Gazan, nahiz eta su-etena indarrean izan
Bitartean, Israelgo Armadak gutxienez lau gazatar hil ditu gaur Subha al Harazin eskolatik gertu, Gaza iparraldeko Zeitun auzoan, pertsona talde baten aurka egindako bonbardaketa batean, Palestinako medikuek ohar baten bidez jakitera eman dutenez.
Biktimak egurra biltzen ari ziren aireko erasoa gertatu denean, Wafa Palestinako albiste agentzia ofizialaren arabera. Gaur goizean, gutxienez beste bi gazatar zauritu dira Israelgo tankeek Rafah erdialdean egindako artilleria erasoan, eta jaurtigai batek emakume bat zauritu du Al Janina auzoan (Rafah), bertako iturrien hitzetan.
Ostegunean, soldadu israeldarrek Amjad Hazem Abed izeneko hiru urteko haur bat hil zuten Shujaiya auzoan, Gaza hiriaren ekialdean, bertako larrialdi iturriek EFEri jakinarazi diotenez.
Israelek 90 pertsona inguru hil ditu Zerrendan su-etena hasi zenetik, urtarrilaren 19tik, Palestinako Osasun Ministerioaren datuen arabera.
Israelek erasoaldi bortitza hasi zuenetik, 2023ko urriaren 7tik, 48.500 pertsona baino gehiago hil dituzte Gazako Zerrendan, gehienak haurrak eta emakumeak; zaurituak, berriz, 112.000 inguru dira, eta horietako askok bizitza osorako lesioak dituzte.
Egoera beretsua okupatutako Zisjordanian
Gainera, Palestinar Aginte Nazionaleko Osasun Ministerioaren arabera, Armada sionistak 21 urteko gazte bat hil du Salemen, Zisjordaniako Nablus hirian. Omar Abdelhakim Daud gazte palestinarrari buruan tiro egin diote. Israelgo Armadaren arabera, 100 bat palestinar atxilotu dituzte azken astean Zisjordanian.
Azkenik, kolono israeldarrek gutxienez hiru etxebizitza eta bi ibilgailu erre dituzte gaur goizaldean Khirbet al Marajim herrixka palestinarrean, Zisjordania okupatuaren iparraldean, eta bi familia palestinar kanporatu dituzte, iturri palestinarren eta NBEren esanetan.