Mundua -
Errusia-Ukraina gerra
Kursken dauden soldadu ukrainarrek amore ematea jarri du baldintza gisa Putinek su-etena sinatzeko
Ordu batzuk lehenago, Trumpek iragarri du Putinekin izandako elkarrizketak "oso onak eta emankorrak" izan direla, eta "gerra izugarri eta odoltsu hau amaitzeko aukera oso ona" dagoela.
Agentziak | EITB Media
Vladimir Putin Errusiako presidenteak ostiral honetan adierazi duenez, AEBk Ukrainarekin proposatutako su-etena onartzeko baldintzetako bat Kursk eskualdean dauden indar ukrainarrek amore ematea da.
Donald Trump AEBko presidentearen eskaintza gauzatu ahal izateko, "Kievek amore emateko agindua eman behar die Kursk eskualdean dituen militarrei", esan du Putinek Errusiako Segurtasun Kontseiluarekin egindako bileran.
Ukrainako Indar Armatuek kontraeraso harrigarria egin zuten iazko abuztuan Errusiako eskualde horretan, eta 1.200 kilometro koadroko lurraldea eta 100 herri baino gehiago hartu zituzten kontrolpean.
Azken hilabeteetan, hala ere, Ukraina indarra galtzen joan da inguru horretan. Erresuma Batuko Inteligentzia militarraren esanetan, hartu zutenaren heren bat baino ez dute kontrolatzen gaur egun, eta Errusiak garaitutzat ematen du Ukrainaren kontraeraso hori.
Ildo horretan, Errusiako presidenteak hitzeman du Errusiako eskualdean dauden soldadu ukrainarrak gerrako legeen arabera tratatuko dituztela amore ematen dutela esaten duten une beretik.
"Armak uzten badituzte eta amore ematen badute, Kursk eskualdean dauden tropa ukrainarrei bizitza eta tratu duina bermatuko zaie, nazioarteko zuzenbidearen arauen eta Errusiako Federazioaren legeen arabera", gaineratu du Putinek TASS albiste agentzia errusiarrak jasotako adierazpenetan.
Trumpek Truth Social bere sare sozialean "milaka militar ukrainar Errusiako Armadak erabat inguratuta eta oso posizio txar eta ahulean" daudela ohartarazi eta Kremlineko buruzagiari "Bigarren Mundu Gerraz geroztik izandako sarraskirik larriena saihesteko" eskatu ostean egin ditu Putinek adierazpen horiek.
Bitartean, Dmitri Medvedev Errusiako presidente ohi eta Segurtasun Kontseiluko kideak ohartarazi duenez, "datozen orduak" funtsezkoak izango dira Kieven hautua zein den ikusteko.
"Armak uzteari uko eginez gero, horiek guztiak (hesitutako tropak) irmoki eta errukirik gabe ezabatuko dira", idatzi du Telegramen.
Ostegunean, Steve Witkoff Etxe Zuriko ordezkari berezia buru zuen AEBko ordezkaritza bat Putinekin bildu zen Moskun, aste honetan Saudi Arabian Washingtonek eta Kievek adostutako 30 eguneko su-etenari buruz hitz egiteko.
Putinek berak ziurtatu zuen su-etenaren alde dagoela, baina ohartarazi zuen arazoak ikusten dituela haren aplikazioan eta egiaztapenean, eta desiragarritzat jo zuen AEBko homologoarekin telefonoz hitz egitea.
Trumpen mezua eta eskaria
Ordu batzuk lehenago, Donald Trump AEBko presidenteak ostegunean Vladimir Putin Errusiako presidentearekin izandako elkarrizketen inguruko adierazpenak egin ditu, eta Truth Social sarean idatzi duenez, "eztabaida oso onak eta emankorrak izan genituen atzo Vladimir Putin presidentearekin, eta gerra izugarri eta odoltsu hau amaitzeko aukera oso ona dago".
Putinekin Errusiako Kursk eskualdean dauden Ukrainako tropen auziaz ere aritu dela esan du Trumpek.
Errusiako presidenteak ostegunean adierazi zuenez, Errusiak inguraturik ditu Kursken dauden soldadu ukrainarrak. Kieveko tropek abuztuan inbaditu zuten eskualde hori, Moskuren erasoen jomuga izan da azken bi asteetan, eta lurralde zati handiak berreskuratu ditu.
Trumpek letra larriz jarri ditu horri buruzko hitzak: "UNE HONETAN, MILAKA SOLDADU UKRAINAR INGURATUTA ditu ARMADA ERRUSIARRAK, ETA OSO POSIZIO TXAR ETA AHULEAN DAUDE".
"Irmo eskatu diot Putin presidenteari bizitza horiek salba ditzala. Hau sarraski ikaragarria litzateke, Bigarren Mundu Gerratik ikusi ez den moduko sarraskia. Jainkoak bedeinka ditzala denak!", idatzi du.