Mundua -
Alemania
Alemaniako alderdiek zor-muga malgutzea adostu dute, Defentsan inbertitzeko
Kontserbadoreek eta sozialdemokratek aurreakordioa hitzartu zuten, baina Berdeen babesa behar zuten bi hereneko gehiengoa lortzeko. Hasiera batean, errezeloa erakutsi zuten Berdeek, baina proposamena ontzat jo dute azkenean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Alemaniako Batasun Kristau-Demokratak (CDU), Alderdi Sozialdemokratak (SPD) eta Berdeek ituna egin dute zor-muga malgutu eta Defentsan inbertitzeko. Akordioari Parlamentuko Behe Ganberan emango diote argi berdea datorren asteko ezohiko saioan.
Kontserbadoreek eta sozialdemokratek aurreakordioa hitzartu zuten, baina Berdeen babesa behar zuten bi hereneko gehiengoa lortu eta proposamena aurrera eramateko. Hasiera batean, errezeloa erakutsi zuten Berdeek, baina aurreakordioa ontzat jo dute azkenean, erabakiari buruzko xehetasun gehiagorik eman gabe.
"Koalizio handia" osatzeko bidean, negoziazioetan dabiltzan kristau-demokratek eta sozialdemokratek adostu zuten Parlamentuaren egungo aritmetika aprobetxatzea Alemaniaren berrarmatzea bermatzeko eta azpiegituretara bideratuko duten 500.000 milioi euroko funts bat onartzeko.
Hauteskundeen osteko testuinguruak akordiorako aukerak txikitu ditu Alemanian, Alemaniarentzako Alternatiba (AfD) ultraeskuindarrek eta Ezkerra (Die Linke) alderdiko ezkertiarrek zaildu egingo baitie bi hereneko gehiengoa lortzea martxoaren 25ean abiatuko duten legealdian.