Mundua -
Gerra Ukrainan
Errusiak gatazkaren "arrazoi sakonei" heldu nahi die Ukrainarekin bakea adosteko
Sergey Lavrov Errusiako Atzerri ministroak kritikatu duenez, Europako estatuak Ukrainan "bake indarrak zabaltzearekin tematuta daude”. "Hori ez da gerrari amaiera emateko behar dena", ohartarazi du.
Agentziak | EITB Media
Sergey Lavrov Errusiako Atzerri ministroak Ukrainarekin duen gatazkaren "arrazoi sakonei" heltzeko beharra azpimarratu du, bakea lortzeko edozein negoziazioren barruan. Orain egingarriagoa dirudi, Kievek bezperan AEBk aldi baterako su-etenerako egindako proposamena onartu ostean.
"Edozein ikuspegik, Ukrainako krisiaren konponbidera hurbiltzeko edozein saiakerak, edozein ekimenek gatazkaren arrazoi sakonak desagertzea izan behar du ardatz", gogorarazi du Lavrovek negoziatzaile estatubatuarrekin izandako elkarrizketa batean.
Gerra piztu zenetik hiru urte baino gehiago igaro direnean, negoziazioak Kievek eskatzen dituen "segurtasun bermeen" inguruan egiten ari dira, lurralde galeraren eskutik etorriko den bakea onartuz.
Segurtasun berme horiei dagokienez, Lavrovek kritikatu du Europako estatuak Ukrainan "bake indarrak zabaltzearekin itsututa" daudela, baina Moskuk ez du hori onartuko, NATOko tropen presentzia izango litzatekeelako. "Hau ez da gerrari amaiera emateko behar dena", ohartarazi du Lavrovek, Errusiako TASS agentziak jaso duenez.
Ildo horretan, Lavrovek uste du du AEB, Donald Trump Administrazio berriaren gidaritzapean, "kezkatuta" dagoela Joe Bidenek Ukrainari laguntza militarra emateko egindako "urraketengatik". Washingtonek pauso bat eman du azken asteotan Kievi laguntza militarra eta inteligentzia informazioa moztuz, eta litekeena da horrek su-etenari emandako oniritzia azkartu izana.
Ramstein taldea
Errusiako Atzerri ministroak ziurtatu duenez, AEBk Erresuma Batuaren esku utzi nahi du Ramstein talde gisa ezagutzen den Ukrainarako Harreman taldearen lidergoa. Talde horretan, Ukrainaren 50 aliatuk baino gehiagok ukrainarrei laguntza militarra eman diete.
"NATOk paper garrantzitsua izan du Ramstein formatuan, AEB buru, Joe Biden presidente zenean. Orain, ulertu dudanez, estatubatuarrek Erresuma Batuaren esku utzi nahi dute kontrola", adierazi du Lavrovek. Zentzu horretan, Europaren jarrera gerra gehiago luzatzearen aldekoa dela uste du Atzerri ministroak.
Zelenskiren eta Scholzen presioa
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ziurtatu duenez, Errusiak su-etena onartzen ez badu, Kievek AEBren laguntza militarra izango du erantzuteko.
Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak azpimarratu duenez, oso garrantzitsua da Ukrainan su-etena "akordio iraunkor batera eramango duen, inbaditutako herrialdearen subiranotasuna babestuko duen eta Armada propio indartsu bat egotea ahalbidetuko duen bake prozesu batean" kokatzea.
Ukrainak Kursketik alde egin du
Bitartean, gerra-frontean, Donbassen kontrola bereganatzeko borrokak guztien arreta du berriro, Ukrainak Kursk Errusiako eskualdean azkar atzera egin ondoren. Kievek Kursk bake negoziazioetan trukerako txanpon gisa erabiltzeko asmoa zuen.
2024ko abuztuan Ukrainak Kursken egindako erasoa, Bigarren Mundu Gerraz geroztik Errusiak pairatutako lehen inbasioa, izan da Kieven arrakasta bakarra azken 18 hilabeteetako borroketan.
Ukrainako Armadak, ostera, oraindik Jerson eta Zaporizhia (Donetsk) eskualdeen heren bat eta bosten bat artean kontrolatzen ditu. Errusiarrek aurrerapauso handiak eman zituzten 2024an Donbass hegoaldean eta erdialdean, baina aurten, oraingoz, bereganatutako eremuak txikiak izan dira.
Interes estrategikoaz gain, Donbass interes ekonomiko argia du; izan ere, lurralde oso aberatsa da: litioa, titanioa eta uranioa, eta, Kieven arabera, munduko lur arrarorik garrantzitsuenen % 5 bertan daude.