Mundua -

GERRA KOMERTZIALA

EBk iragarri du AEBko produktuen gainean 26.000 milioi euroko kostua izango dituzten neurriak ezarriko dituela

Gaur sartu dira indarrean Estatu Batuek Europako altzairuari eta aluminioari jarritako % 25eko muga-zergak. EBren iritzian, "bidegabeak" dira zerga horiek, eta erantzuna egingo du.

Von der Leyen, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Von der Leyen, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Von der Leyen, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gauerditik indarrean dira Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak altzairu eta aluminio inportazioei ezarritako % 25eko muga-zergak. Europako Batzordearen arabera, neurri horrek 28.000 milioi euroko gainkostua ekarriko die EBko enpresei, eta iragarrita bezala, erantzuna prest du. Gaur zehaztu du zein den: 26.000 milioi euroko kostua izango dituzten neurriak jarriko ditu abian AEBko produktuen aurka.

Goizean zabaldutako ohar batean, EBk azaldu du muga-zergak "bidegabeak" direla. Ozeano Atlantikoaz haraindiko merkataritza "hankaz gora" jartzeaz gain, enpresei eta kontsumitzaileei "kalte" egingo dion erabaki bat dela erantsi du, "prezioen igoera" ekarriko duelako.

__________________________________________________________________________________

Zure interesekoa izan daiteke: Muga-zergak munduan: nola eragiten diote merkataritza globalari

__________________________________________________________________________________

Bi fasetan banatu du bere erantzuna Europak. Batetik, apirilaren 1ean berriro indarrean jarriko ditu AEBko produktuen aurka 2018tik 2020ra indarrean egon ziren neurriak. Erabaki horrekin, aurreikusten da 8.000 milioi euro inguru biltzea, oraingoan produktu gehiagori erango baitie.

Bestetik, AEBko esportazioetan 18.000 milioi euroko kostua izango duten neurri sorta bat ere onartu nahi du EBk. Horiek apirilaren erdialdean sartuko dira indarrean, estatukideekin adostu ondoren.

Ursula von Der Leyen Europako Batzordearen presidenteak adierazi du Europak bere kontsumitzaileak eta enpresak "babestu" egin behar dituela, eta gaurko erantzuna "sendoa" izan arren, Estatu Batuek onartutakoaren "neurrikoa" dela.

Nolanahi ere, prest agertu da AEBko Administrazioarekin "hitz egiteko" eta "negoziatzeko". Azaldu du "edozein momentutan" baliogabetu daitezkeela gaur aktibatutako neurriak, baldin eta "konponbidea" adosten bada.

Europako Batasunaren eta Estatu Batuen arteko merkataritza-harremanak "munduko garrantzitsuenak" direla ere esan du EBren presidenteak eta nabarmendu du, gainera, horiei esker azken urteotan milioika "lanpostu" sortu direla. "Oparotasuna ekarri dute gure arteko harremanek".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Europa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak