Mundua -
Gazako su-etena
Trumpen ordezkari bat: "AEB ez da Israelen agente bat, Hamasekin harreman zuzenak izan ditzakegu"
Adam Boehler bahituen askapena negoziatzeaz arduratzen den politikariak iragarri duenez, akordio berri bat posible ikusten du epe motzera.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Adam Boehler AEBk Gazan bahituak askatzeko negoziazioetan duen ordezkariak Trumpen administrazioak Hamas mugimendu palestinarrarekin izandako harreman zuzenak defendatu ditu, eta ohartarazi du bere herrialdeak bere bide propioa duela gatazkari amaiera emateko saiakeretan.
"Ulertzen dut bilera horiek atsekabea eta kezka sor ditzaketela, baina Estatu Batuak gara, ez Israelen agente bat, eta interes espezifikoak ditugu jokoan", esan du CNN telebista katean.
Boehlerrek, gainera, txalotu egin du Hamasek harreman horietan erakutsitako jarrera, mugimendu islamistaren negoziatzaileak "jatorrak" direla esanez. Hala jakinaraziko omen lioke Ron Dermer Gai Estrategikoetako ministroari. "Agian esango nioke: 'Begira, jende honek ez ditu bi adar buruan. Azken batean, gu bezalakoak dira. Nahiko jende jatorra da", adierazi du aholkulariak.
Preso palestinarren eta bahitu israeldarren arteko trukeak berriro hasteko aukeraren inguruan baikor agertu da. "Aste gutxi barru zerbait gerta litekeela uste dut. Hamasek nahi eta onartzen duenaren eta Israelek nahi eta onartzen duenaren artean badago aukera. Akordio bat sina genezake bahitu guztiak aska ditzaten, ez AEBko herritarrak bakarrik", gehitu du.
Bestalde, Israelgo Gobernuak onartu egin du bitartekari estatubatuarrek egindako gonbidapena, eta astelehenean ordezkaritza bat bidaliko du Dohara Gazako su-etena negoziatzeko mahaira.
"Israelek onartu egin du AEBko bitartekarien gonbidapena, eta ordezkaritza bat bidaliko du astelehenean Dohara, negoziazioetan aurrera egiteko asmoz", esan du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bulegoak ohar labur batean.